Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartea dira urtero irailean egin ohi diren Poesia Orduak errezitalen antolatzaileak. Aurten ere bi antolatu dira: hilaren 4an, Etxe bat (Yolanda Arrieta Malaxetxebarria eta Peru Galbete) eta hilaren 5ean Tolesdurak (Goizalde Landabaso eta Xabier Zeberio). Biak Victoria Eugenia Cluben izango dira, iluntzeko 19:00etan. Gonbidapenak irailaren 1eko goizeko 11:30etik aurrera eskuragai izango dira webgune honetan, baita Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan ere.
Etxe bat emanaldian Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak jarriko ditu hitzak eta Peru Galbetek musika. Testuak idazleak argitaratzear daukan liburu batekoak dira.
Tolesdurak, berriz, Goizalde Landabaso idazlea eta Xabier Zeberio musikariak landutako proposamena da. 11 emakumeren biografia poetikoak eskainiko dituzte.