Bilbo, hiru pertsona atxilotu dituzte azken orduotan izan diren erasoengatik

Ertzaintzak gaur, asteazkena, goizeko lehen orduetan, bi polizia-jardunetan hiru gizonezko atxilotu ditu lesio-delituengatik. Atxilotuetako bati arma zuriz egindako erasoa leporatzen zaio eta beste bi atxilotuek ukabilkadak eta ostikoak jo dizkiote biktimari.

Lehen polizia-jarduna Bilbon izan da, goizeko bostak pasata ohartarazi dietenean pertsona bat lurrean etzanda zegoela eta toraxean arma zuriz egindako zauria zuela. Lekukoek erasotzaileak ihes egin zuela adierazi dute, baina hura deskribatu dute. Ertzaintzaren patruila bat biktimari laguntzera joan da, eta anbulantzia eskatu du biktima Gurutzetako Ospitalera eramateko. Bien bitartean, beste polizia-patruila batek ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu du inguruan —lekukoek ezagutu dute—.20 urteko gizonezko bat da, eta datozen orduetan epailearen aurrera eramango dute, arma zuriz egindako eraso-delitu baten akusaziopean.

Ordubete geroago, 112 SOS DEIAK zerbitzuan jasotako dei baten bidez, ohartarazi dute Metro Bilbaoko segurtasun-zaintzaileek bi gizonezko atxikita zituztela Abandoko geltokian, beste gazte bati jo ondoren. Antza denez, biktimak berari mugikorra kendu nahian harrapatu ditu lapurrak, eta, zenbait herritarri ohartarazi die beren gauzekin kontuz ibil zitezen. Une horretan, erasotzaileek harengana jo, eta aurpegian kolpatu dute eta lurrean zegoela ostikoak eman dizkiote. Ertzaintzaren patruila iristean, agenteek 21 eta 22 urteko bi gizonezkoak atxilotu dituzte, eraso-delituaren akusaziopean. Bestalde, osasun-zerbitzuek biktima artatu eta Basurto Ospitalera eraman dute.