WIP Latam sailean Lola Arias, Camila Beltrán, Iair Said, Maximiliano Schonfeld, Camilo Becerra eta Sofía Paloma Gómez, eta Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos zinemagileen sei filmak aurkeztuko dira.

Reas (Lola Arias); Quizás es cierto lo que dicen de nosotras / Maybe it’s True What They Say About Us (Camilo Becerra eta Sofía Paloma Gómez); Mi bestia (Camila Beltrán); Selva / Jungle (Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos García); Los domingos mueren más personas / Most People Die on Sundays (Iair Said) eta Sombra Grande / Big Shadow (Maximiliano Schonfeld) dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan profesionalen entzunaldi batean aurkeztuko diren sei film luze latinoamerikarrak. WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango diren sei lan horietatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.

Lola Arias antzerkigile eta idazle argentinarrak Reas –bere bigarren filma– aurkeztuko du; Teatro de Guerra / Theatre of War (Zabaltegi-Tabakalera, 2018) filma bezalaxe, errealitatearen eta fikzioaren artean murgiltzen da Reas. Oraingo honetan, euren iragana berreraikitzen duten eta etorkizuna musikal baten moduan irudikatzen duten preso ohiak –emakumeak zein trans pertsonak– dira protagonistak. Proiektu-fasean zegoela, 2020an Reas filmak Visions du Réel jaialdiko HEAD Pitchings du Réel saria irabazi zuen.

Camilo Becerrak eta Sofía Paloma Gómezek Txile eta Argentinaren arteko koprodukzio bat zuzendu dute: Quizás es cierto lo que dicen de nosotras. Colliguayko sektaren kasuan oinarritua, emakume psikiatra baten eta haren alabaren (sektako kidea) harremanean oinarritzen da filma, hilketa baten ikerketa atzean dagoela.

Mi bestia Camila Beltránen lehen film luzea dugu; Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen zinemagile kolonbiarrak 2020an, eta ArteKino International Award saria irabazi zuen bertan. Filma Bogotan girotuta dago, eta hiriak behin eta berriz elektrizitate-etenaldiak jasaten dituela kontatzen digu; Deabruaren etorrerari buruzko zurrumurrua zabaltzen ari da, eta inguruabar horiek eragin handia dute protagonistarengan (neskato nerabe eraginerraz bat).

Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos kolonbiarrek euren lehen filma aurkeztuko digute, Selva, Bogotan kokatua; protagonistaren azken egunak deskribatzen dizkigu filmak, lanean dei enigmatiko bat jaso ondoren eta flamenko talde misteriotsu batek hiria hegan zeharkatzen duen bitartean.

Los domingos mueren más personas Iair Said argentinarraren bigarren filma da; komedia gazi-gozo honek, judu homosexual gazte baten gorabeherak kontatzen dizkigu, bere jaioterrira itzuli behar duenean aitaren azken egunei aurre egiteko. Saiden film laburrak Cannes eta BAFICIn proiektatu ziren.

Sombra Grande filmarekin, Maximiliano Schonfeld argentinarra Donostian izango dugu berriz; 2021ean Jesús López pelikula estreinatu zuen Horizontes Latinos sailean, WIP Latametik igaro ondoren, eta 2022an Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen Frankenstein egitasmoarekin. Sombra Grande Entre Ríos probintzia argentinarrean dago girotuta, etorkin alemanen ondorengoen bizileku den toki batean. Bertan lagun talde batek desagertutzat jotzen zen hizkuntza bati buruzko pelikula bat filmatzeko asmoa du.

WIP Latamen aurkeztutako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean: aurtengo edizioan, WIP Latamen 2022ko edizioan saritutako izenburuetako bi –Guto Parenteren Estranho Caminho / A Strange Path eta Martín Benchimolen El Castillo / The Castle– Horizontes Latinos sailean lehiatuko dira, hurrenez hurren Tribecako zinema-jaialdian eta Berlinalean parte hartu ostean; 2021ean, bestalde, Manuel Abramovichen Pornomelancolía filmak Argazkigintza Onenaren Saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian, Ikusmira Berriak programan (2018) eta WIP Latamen (2021) esku hartu ondoren. Ekimen honetako parte hartzaileen arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.

SARIAK

WIP Latam Industriaren Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: Best Digital,  Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido eta Sherlock Films. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan, ingelesez azpititulaturiko DCP batean, eta film irabazlea Espainian banatzean datza.

WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria saria. 30.000 euro gordinetan datza, film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.