Garai onenetako San Mames bizi izan dugu, gau ahaztezin horietako bat. Athletic izeneko zurrunbilo baten aurrean aurkariak belaunikatuta amaitu du neurketa, hasierako minutuetan dena bere alde egon arren. Hamargarren minutuko 0-2ko emaitzatik Valverderen taldea sailkapenean gora jartzen lagundu duen 4-2ko markagailura pasatu gara. Vesgaren bi golek eta Guruzetak eta Unai Gomezek fedez lortutakoek joko handiz betetako gau euritsuari distira eman diote. Txundituta uzten gaituen San Mames izan da.
Partida zirraragarria izan da, oso emozio gogorrekoa, eta Athleticek bere nortasun ezaugarri guztiak erakutsi ditu: adorea, erabakia eta gainditzeko espiritua. Ezinezko bihurtu den partida bati epikaz buelta emateko gai izan da.
Izan ere, Real Betis 0-2 jarri da 10. minuturako. Lehenik, Willian Joseren gol batekin, Ayozeren bultzadaren ondoren. Gero, Iscoren gol bikainarekin, Ruibalek baloia utzita.
Ez zegoen denbora galtzerik, beraz, Athletic jo ta ke ibili da betikoen aurka. Vivianek burukada batez langara bidali du baloia lehen abisu batean. Gero, Iñakiri gol bat baliogabetu diote jokoz kanpo egoteagatik. Eta 25.ean, San Mames sutan zegoela lehoiak altxa dituen lehen penaltia azaldu da. Bi penaltietan Niko izan da protagonista, bietan aurrelaria lurrera bota dutelako. Vesga espezialista bikaina da hamaika metrotik. Bietan engainatu du Rui Silva, bigarrena 40. minutua igarota.
Tartean, Muniainek jaurtiketa eder bat bota du zutoinera. Betisek ikaratu egin du Ayozerekin, baina Guruzeta izan da 3-2koa jarri duena, Iñakiren erdiraketa erabakiorra aprobetxatuz, eta lehen zatiaren luzapeneko zortzigarren minutuan San Mames osoa saltoka egon da.
Bigarren zati osoa geratzen zen, baina hor ere Athletic aurkaria baino nagusiagoa izan da. Gogor defendatu du atzeko aldean eta partida hiltzeko aukeraren zain egon da: Berenguer eta Iñakiren arteko jokaldian, Unai Gomezek sareetara bidali du. Omenaldi ezin hobea De Marcosentzat, Muniainen eskutik oparitxo bat jaso baitu bere 500. partidarengatik. Fedezko gola izan da, bereak bezalakoa.