Nafarroak Ekitate beken bigarren deialdia ireki du, diru-sarrera txikiak dituzten gazteei unibertsitaterako sarbidea bermatzeko

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, ‘Ekitate Beken’bigarren edizioa abiatu du. Aurreko legealdian hasitako laguntza-deialdi berri honen helburua diru-sarrera gutxiko inguruneetatik datozen gazteek goi-mailako hezkuntza jasotzeko aukera izatea da.

Aurreko txandan bezalaxe, deialdi honen zuzkidura totala 570.000 eurokoa da, bere helburua izanik errenta maila baxuak eta errendimendu akademiko bikaina dituzten pertsonentzat ikasketetarako sarbidea eta dedikazio esklusiboa erraztea. Era horretan bermatuko da unibertsitateko ikasketei probetxua ateraz ikasteko baldintzak betetzen dituzten haiek arrazoi ekonomikoengatik kanporatuta ez geratzea.

Bigarren edizio honetan hamar laguntza mantenduko dira, zein datozen lau ikasturtetan pixkana hedatuz joatea aurreikusten den. Nafarroako gobernuak aurrerantzean pertsona eta ikasturte bakoitzeko guztira 9.500 euro ematen jarraituko du, 240 kredituko Gradu baterako balio izanik gehienez lau ikasturte akademikorako. Horren baitan sartu litezke hasierako emakida eta balizko hiru berritzeak, betiere baldintzak betetzen badira. Gradu luzeenen eta Gradu Bikoitzen kasuan, iraupena ezingo da sei ikasturte baino gehiagokoa izan.

Deialdi honetan parte hartzeko eskatzaileek gutxienez 60 kredituren arabera matrikulatu behar izan dira Iruñeko eta Tuterako campusetan ematen diren Graduko ikasketa ofizial bateko lehenengo ikasturtean. Era berean, derrigorrezko beste baldintza batzuk lirateke Nafarroako udalerriren batean erroldatuta egotea, 2023-2024 ikasturtean unibertsitateko ikasketetarako Ministerioaren izaera orokorreko beka baten onuradunak izatea hala nola Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) derrigorrezko fasean 8,5 puntuko nota bat edo gehiagokoa lortu izana.

Bestalde, eta arlo ekonomikoan, deialdiak xedatzen du pertsona eskatzaileari dagokion familia unitatea Ministerioko beken deialdiaren 1. atalasean aurkitzea, eta gainera Foru Administrazioarekin zerga-betebeharrak erabat eguneratuta izatea eta, noski, errentaren aitorpena egin behar izatekotan, Nafarroako zergaduna izatea.

Beka hauek emateko prozedurak eskura dagoen familia errenta hala nola errendimendu akademikoa hartuko ditu kontuan, horrez gainera guraso bakarreko, familia ugarien edo desgaitasuna duten pertsonen egoerak aintzat hartuz.

Eskaerak, zein Nafarroako Gobernuaren webgunean eskura dauden, aurkezteko epearen harira, bihar, abuztuak 29, hasten da eta datorren irailak 18an amaituko da.

‘Ekitate Beken’ berritzea

Lehen edizioko onuradunentzako ‘Ekitate Beken’ berritzea ofizioz burutu da, dagokion urte akademikoaren ohiko matrikula epearen ostean. Unibertsitateko Zerbitzuaren bidez egiaztatu da baldintzak betetzen direla, derrigorrezko dokumentazioa eskatuz, eta horren baitan hartuz Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako unibertsitateko ikasketetarako beka orokor baten eskaria ziurtatzea, lan-bizitzaren agiria eta horrez gain deialdiaren oinarrietan aipatutako ziurtagiri eta adierazpen arduratsu ezberdinak.

Aurreko edizioan, guztira bederatzi ikaslek (sei emakume eta hiru gizon) eskuratu zuten ‘Ekitate Beken’ onura, kalitatezko eta dedikazio bereziko unibertsitateko prestakuntza bat jasotzeko aukera izanik eta etorkizunean goi mailako, baldintza eta soldata hobeak zituzten enpleguak eskuratzeko aukerak lortuz.

Nafarroa, liderra Espainiako errendimendu akademikoan

Nafarroako Foru Komunitatea talentua nahiz jakintza bikaintasunetik sorrarazten dituen lurralde bezala finkatu da, Jakintza eta Garapenaren Fundazioak bere azken txostenean eskainitako jarduera akademikoari buruzko hainbat adierazletan islatuaren arabera.

Horien arabera, Nafarroa errendimendu- (% 88,4) eta graduazio-tasetan (% 61) liderra da; azken datu horrek, epe aurreikusian, gehi ikasturte osagarri bat gehienez, dagozkien  titulazioak lortu ohi dituzten ikasleen portzentajea ordezkatzen du. Bere jarraian datoz Euskadi (% 60,8), Katalunia (% 60,7) eta Gaztela-Leon (% 59,2). Bestalde, lehen urtean unibertsitateko ikasketak bertan behera uztearen % 13,9ko tasa bat bistaratuz, Nafarroa, Euskadirekin batera, adierazle txikiena aurkezten duen komunitatea da.