Aste Nagusiari amaiera eman bezain laster, Euskal Astea ate joka dugu. Ohitura den bezala, iraileko lehen egunetan gure kultura eta tradizioa aldarrikatzen dituen festak ospatuko ditugu Zarautzen.
Aurrez, Euskal Astearen atarian, abuztuaren 24 eta 25ean, Bertsolari Gazteen XLVII. Lizardi Sariaren kanporaketa saioak gauzatuko dira Musika Eskola, 22:00etatik aurrera. Final handia irailaren 1ean, ostiralean, izango da Modelo Aretoan, 22:00etan. Finalerako sarrerak egunean bertan, ordubete lehenago, eskuratu ahal izango dira leihatilan.
Irailaren 2an Euskararen aldeko XXVII. Lasterketa egingo da, Musika Plazatik aterata, Lege Zaharren enparantzan XXXV. Aurresku Txapelketa lehiatuko da (Modelo Aretoan eguraldi txarra balitz) eta, XXXVII. Bazkari Herrikoia Musika Plazan, EHEk antolatuta.
Irailaren 3an, igandean, Haurren Euskal Jai Eguna ospatuko da non herriko txikientzat gozamenerako egitarau zabala izango den: kalejirak, familia bazkaria, erraldoi eta buruhandiak, puzgarriak…
Irailaren 4tik 7ra ohikoak diren Euskal Asteko txapelketak lehiatuko dira Lege Zaharren enparantzan: Helduen Binakako Dantza Txapelketa, Trikitilari Gazteen XLIII. Txapelketa eta Bikote Gazteen Dantza Txapelketa. Irailaren 5ean, aldiz, herriko taldeen jaialdia ospatuko da. Bertan, kultur disziplina desberdinetan aritzen diren hainbat zarauztarrek parte hartuko dute.
Euskal Astearen egun handia irailaren 9an izango da, larunbatean, Euskal Jaiaren ospakizunarekin. Urtero bezala, Zarauzko kaleak pozez, kantuz, dantzez eta kalejiraz beteko dira. Aurtengoan ere egitarau zabala izango da egun honetan goiz goizetik, guztion gozamenerako ekitaldiekin.
Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak adierazi duen moduan, “Euskal Jaiak gogotsu, festa giroan, umorez eta alaitasunez gozatzeko eguna dira eta, beraz, asmo okerrez datozenak, ez daitezela etorri”.
Euskal Jaiaren mendeurrena 2024an
Aurtengoa Euskal Jaiaren 99. edizioa izango da eta, honenbestez, datorren urtean festa kuttun hauen mendeurrena ospatuko da. alkateak adierazi duenez, “aurtengo festak amaitzean, hauen balorazioa egiteko txanda izango da eta, ondoren, mendeurrenaren edizioa prestatzen hasiko gara, denon artean, guztion gozagarrirako egitarau berezi bat prestatzeko”.