Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatu dute, gaur goizean, Radio Euskadiko «Boulevard» saioan. Bertan azpimarratu duenez, ilusioz ekingo dio legegintzaldiaren azken tarteari, zerbitzu publikoak (Osasun Publikoa, Segurtasuna, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza) indartzen jarraituz.
Osakidetzari dagokionez, Lehendakariak erronka gisa jarri du herritarrek harrotasunez hautematea osasun-arreta publikoaren zerbitzua. Ildo horretan, esan du ez dela baliabideetan eskastuko, «Espainiako Estatu osoan osasun publikora per capita diru gehien bideratzen dugun Autonomia Erkidegoa gara». Halaber, aitortu du bereziki azpimarra egin behar dela Lehen Mailako Arretan eta ospitaleetako itxaron-zerrendetan.
Segurtasunari dagokionez, eta, zehazki, eskatutako soldata linealaren igoerari dagokionez, Urkulluk adierazi du errealismo printzipiotik planteamendua ezinezkoa dela, eta gogorarazi du Segurtasun Sailak 36 milioi euroko balioa duten 36 neurri eskaini dizkiela sindikatuei. Hala, manifestazioei dagokienez, Ertzaintzako agenteek erantzukizuneti jardun dezatela eskatu du.
Lehendakariak berak joan den astean berriro mahai gainean jarri zuen konbentzio konstituzionalari buruzkoa izan da aztertutako beste gaietako bat. Iñigo Urkulluk esan du foro hori ekimen parlamentario batetik plantea litekeela, Espainiako Gobernuari eskatuz Estatuko Gorte Nagusien esparruan gara zitekeen konbentzio konstituzional hori dei dezala. Gainera, adierazi du komenigarria litzatekeela autonomia-erkidegoek ere parte hartzea.
Konbentzio honen proposamenak eta Estatu ereduari buruzko hausnarketak Gernikako Estatutuari eta autogobernuari buruzko hainbat galdera eragin dituzte. Urkulluk gogorarazi duenez, Gernikako Estatutua eta Espainiako Gobernuak transferentzien alorrean hartutako konpromisoa bete gabe daude oraindik, eta eskumenen inbasioaz ere aritu da.