Gobernu Kontseiluak gaur onartu duena Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak hornitzeko edo berritzeko dirulaguntza da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2022ko irailean egin zuen liburutegietako funtsak hornitzeko edo berritzeko laguntzetarako deialdia. 575.460 euroko deialdi hartatik 20.981 euro banatu gabe geratu ziren eta orain dirulaguntza hori Arabako Foru Aldundiari emango zaio Ignacio Aldekoa Kultura Etxea liburutegi publikoko funtsa hornitu edo berritzeko. Izan ere, “Ignacio Aldekoa Kultura Etxea” da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen Estatuko Administrazio Orokorraren titulartasuneko liburutegi bakarra eta Arabako Foru Aldundia da bere kudeaketaren arduraduna.
Liburutegiak honako baldintza hauek bete beharko ditu bere funtsa hornitzerakoan:
- Emandako zenbatekoaren pareko paperezko liburu erosketa egitea, gutxienez.
- Erositako liburuen % 50 gutxienez gaztelaniaz izan beharko da. Gainerakoak euskaraz izan daitezke. Gainera, % 10 bideratu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren atzerriko hizkuntza ofizialetako liburuak erosteko.
- Erosketetan, irakurketa errazeko liburuak eta/edo letra handiko liburuak sartu beharko dira.
- Erositako liburuak bildumaren katalogo bibliografikoan sartu beharko dira 2023ko urriaren 31 baino lehen, eta gutxienez 5 urtez egon beharko dira bertan.
- Materiala, ahal dela, hurbileko liburu-dendetan erostea.
Next Generation EU
Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko helburua dute Next Generation EU funtsek. Aparteko aukera ematen dute errekuperazio-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko. Helburu hori lortzeko neurriak sei zutabetan daude egituratua, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.