Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketarako agindu bat onartu du gaurko bilkuran. Agindu horren bidez laguntzak emateko deialdia egiten da 2023-2024 ikasturtean Lanbide Heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko.
117.000 euroko zenbatekoa duen agindu honen xedea da, itunpeko ikastetxeei laguntzak ematea Oinarrizko Mailako, Erdi Mailako edo Goi Mailako heziketa zikloetako 2. mailan dauden ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzen duten proiektuak gara ditzaten 2023-2024 ikasturtean. Hiru urteko iraupena duten Oinarrizko Mailako Lanbide Heziketako zikloen kasuan, deialdi hau 3. mailako ikasleei zuzenduko zaie.
Laguntza hauen onuradun izateko, ikasleen artean kultura ekintzailea sustatuko duen programa bat garatu beharko dute ikastetxeek. Programa horrek, garatu beharreko jardueren artean, ikastetxe osorako enpresa-simulazioko proiektu bat jaso beharko du, ikasleek garatutako enpresa-simulazioko azpiproiektuz osatua.