Gaur goizean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Migdalia Machín Kanarietako Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntzako sailburua bildu dira Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Kanarietako Gobernua Euskadira egiten ari den bisita ofizialaren barruan kokatzen da bilera, Eusko Jaurlaritzak garatzen duen unibertsitate eta ikerketa-politika bertatik bertara ezagutzeko, ikerketa-zentro batzuen funtzionamendu eta ezaugarriekin batera.
Bildarratz sailburuarekin bileran izan dira, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artaraz eta Ikerketako zuzendari Amaia Esquisabel. Kanarietako Gobernuaren izenean, besteak beste, honako hauek egon dira: Alfonso Cabello Mesa Lehendakaritzako sailburuordea, Ciro Gutiérrez Ascanio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea eta Octavio Caraballo de León Gobernuko Lehendakaritzako Koordinazioko eta Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia.
Bileran zehar, sailburuak Hezkuntza Sailak garatzen dituen politiken alderdi aipagarrienak azaldu dizkio Kanarietako arduradunari, baita sail honen tresna esanguratsuenak ere. Bereziki nabarmendu du berriki onartu den 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren garrantzia, euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitate guztien ekintzak eta helburuak modu koordinatuan zehaztea, partekatzea eta garatzea ahalbidetzen duena. Nabarmendu beharreko ekimenen artean, Hezkuntza sailburuak II. Unibertsitatea+Enpresa Estrategiaren garrantzia azpimarratu du. Estrategia honen helburu nagusia da Euskadiko goi-mailako hezkuntzaren eta lan-munduaren arteko loturak estutzen jarraitzea, prestakuntzaren hobekuntzaren, ezagutzaren transferentziaren eta monitorizazioaren bidez. Lehentasunezko bost jarduera-ildo planteatzen dira: (1) Unibertsitateko prestakuntza duala edo ikas-ekinezkoa, 80 titulazio dualeko eskaintzarekin, 10.000 plaza eskainita unibertsitateko prestakuntza dualean eta 1.000 enpresa laguntzailerekin; (2) Lanbide Heziketa+Unibertsitatea, arau-esparru berri batekin; (3) Bizialdi osoko unibertsitate-prestakuntza; (4) RIS3 Euskadi Basque Country; (5) IKUR 2030 bikaintasun-ikerketa. Estrategia horren esparruan, nabarmentzekoa da 4Gune* eta KSIGune** klusterren bultzada.
Bildarratz zein Machín sailburuek positibotzat jo dute topaketa, eta proiektuak eta estrategiak partekatzearen garrantziari dagokionez bat etorri dira, egungo eta etorkizuneko erronketarako soluzioak ekarriko dituzten politikak garatzen jarraitu ahal izateko.
Bileraren ondoren, Kanarietako Gobernuaren ordezkaritzak agendarekin jarraitu du, Zamudioko Parke Teknologikoan dagoen UPV/EHUko Fabrikazio Aeronautikoko Zentrora —FAZera— aurreikusitako bisitarekin.
* 4Gune Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Prestakuntza Klusterra da. Euskadiko Unibertsitatea + Enpresa lankidetza indartzen laguntzen du, industria adimendunaren arloan elkarlan-ereduak indartuta eta ezarrita. Haren helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: unibertsitateen/ikerketa-eragileen eta enpresen arteko aliantza egonkorrak ezartzea, haien arteko lankidetza eta atzeraelikadura bermatzeko, ezagutza sortzeko eta transferitzeko; graduko eta graduondoko prestakuntza-eskaintzak eta bizialdi osoko prestakuntza-eskaintzak garatzea, erantzun eraginkorrak emateko eta aldakortasun eta enplegagarritasun handiko profesionalak prestatzeko.
** KSIGune Euskadiko Kultura eta Sormen Industriei (KSIei) buruzko klusterra da, KSIen sektoreko unibertsitate, goi-mailako zentro eta ikerketa-zentroetan sortutako ezagutzaren transferentzian antzemandako arazoei erantzuteko sortutako ezagutza-gunea. Bere jardueren artean, Euskadiko goi-mailako hezkuntzaren eta kultura- eta sormen-erakundeen arteko lankidetza-proiektuak bultzatzea nabarmentzen da.