- Iñigo Urkulluk, Osasuneko sailburuarekin batera, Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleak bisitatu ditu, haien 125. urteurrena dela eta
- Anaia Benito Mennik Arrasateko Santa Ageda bainuetxea Euskadiko asistentzia psikiatrikoko lehen zentro bihurtu zuenan sortu ziren
- Euskal Autonomia Erkidegoko osasun mentalaren arretan erreferenteak dira, eta erakundeekiko eta euskal gizartearekiko konpromisoagatik nabarmentzen dira
Lehendakariak adierazi du osasun mentala lehentasun bihurtu dela, «gizarteak duen beharra», eta Eusko Jaurlaritzak zerbitzuak bermatzen, hobetzen eta eguneratzen jarraituko duela, behar horri erantzuteko.
Lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, bisita egin du gaur goizean Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleetara, haien 125. urteurrena ospatzeko. Ekitaldian bi zentroetako ordezkaritza zabal bat eta Osasun Saileko arduradunak izan dira.
Bisitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak 125 urte hauetan bi zentro horiek egindako lana eskertu du, hasieratik izan baitute «zerbitzu publikorako bokazio sakona», osasun mentalari arreta emateko erreferente gisa.
“Aitzindariak izan zineten pertsona ahulenentzat zerbitzuak sortzen, erakunde publikoek gure erantzukizuna hartu baino hamarkada batzuk lehenago. Eta egin genuenean, bidelagun bihurtu ginen, gure indarrak batu” adierazi du.
Bestalde, Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendariak eskerrak eman dizkie lehendakariari eta Osasun Sailari urteurren honetan izan duten gertutasunagatik, konpromisoagatik eta laguntzagatik. Halaber, osasun mentalean bi erakundeek egiten dugun lanaren aintzatespena dela esan du.
Aita Menni eta San Juan de Dios
Arrasateko (Gipuzkoa) San Juan de Dios eta Aita Menni ospitaleek 125 urte bete dituzte, San Joan Jainkoarenaren anaia Benito Menni —Aita Menni sartuta dagoen Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioa ere sortu zuen— Arrasateko Santa Ageda bainuetxea erosi zuenetik —urte haietan Europako ospetsuenetako bat zena— asistentzia psikiatrikoko zentro bihurtzeko: Euskadiko lehena.
1898ko ekainean sortu zen, Aita Benito Mennik leku horretan Santa Agedako Osasun Etxea ireki zuenean. Hain zuzen ere, agintariek gune hori bisitatu dute. Arrasateko San Juan de Dios ospitalearen instalazioetan kokatuta dago.