Haizearen Orraziaren, Tenisaren eta La Perlaren emakidak iraungita daude, eta ez dago luzapenik aurreikusita
Horrenbestez, bi errekurtso jarriko dira Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salan, eremu horiek okupatu eta aprobetxatzeko emakidaren ezohiko luzapenaren eskaera ustez ezetsi izanaren aurka.
Kostaldeen Legea
1919tik, Udalak Ondarretako hondartzan 17.800 m2 okupatzeko emakidaren titularra da, eta bertan daude Teniseko kirol instalazioak eta Haizearen Orraziaren eskultura-multzoaren plaza. Era berean, 1908az geroztik, Balneario Sozietateak Kontxako pasealekuko bainuetxea eta Kontxako zabalgunea eraikitzeko emakidaren titularra da. Emakiden indarraldia 2018an amaitzen zen.
2013an, horrelako emakiden luzapenak eskatzea ahalbidetzen zuen lege bat onartu zen, eta, hortaz, Udalak biak luzatzeko eskatu zuen 2017an. 2020an, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak entzuteko izapidea eman zien Udalari eta Balneario Sozietateari, luzapenerako hasitako espedienteetan, eta Kostaldeetako Zuzendaritza Nagusiaren txostena helarazi zuen, luzapenari ezezkoa eman behar zitzaiola aurreratuz, instalazioetan garatzen diren erabilerak Kostalden Legearen aurkakoak izango liratekeelako.
Horiek horrela, Udalak eta Balneario Sozietateak alegazioak aurkeztu zituzten, baina aitzitik, egun, Kostaldeetako Zuzendaritzak ez du berariazko ebazpenik eman, eta, beraz, administrazio legerian xedatutakoaren arabera, luzapen eskaera ezetsi egin dela ulertu behar da.
Instalazioak arriskuan
Donostiako alkate Eneko Goiak dei egin die «Espainiako Gobernuari, dagokion Ministerioari eta Kostaldeetako Zuzendaritzari gai hau azkar konpontzeko”, eta honakoa gaineratu du: «Ez dut une batez pentsatu nahi, eta ez nuke ulertuko, Espainiako Gobernuak, Kostaldeen Zuzendaritzaren bitartez, La Perla, Tenisa edo Haizearen Orrazia ixtera behartuko bagintu”.
Haizearen Orraziaren obrak
Ekintza horiekin batera, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin du Kostaldeetako Zuzendaritzari eskatzea Haizearen Orraziaren monumentu multzoak okupatzen duen kontzesio eremua independizatzea. Hau da, Haizearen Orraziaren eremua modu indibidualizatuan tratatzeko eskatu du Tokiko Gobernu Batzarrak.
Eskaera honen jatorria Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiak berak emandako erantzun batean dago. Izan ere, plaza eta eskultura multzoa osorik birgaitzeko proiektua gauzatzeko baimena izateko, Kostaldeen Zuzendaritzak Udalari eskatu dio monumentu multzoarentzako emakida independentea eskatzeko.
Udalak aspalditik prestatua du Haizearen Orrazia birgaitzeko proiektu integrala, Chillida eta Peña Ganchegui familiekin adostuta. Birgaitzea egiteko arrazoi nagusia segurtasuna da, eta bertan, magalaren egonkortzea aurreikusten da, izan ere, hainbatetan harriak erori izan dira.
Erlazionatutako dokumentuak
2023/09/12-an argitaratua