Eusko Jaurlaritzak Hazitek programaren bigarren fasea aktibatu du, enpresetan I+G bultzatzeko asmoz 93.428.572 euro esleitzeko (Gobernu Bilera 2023-9-12)

Sede del Gobierno Vasco, Lakua
Salón de Actos y escudo de Euskadi

Gobernu Kontseiluak 93.428.572 euroko gastua onartu du gaur, Hazitek laguntza-programa finantzatzeko. Deialdiaren zenbateko osotik 43.428.572 euro bideratuko dira proiektu lehiakorrak finantzatzeko eta 50.000.000 euro proiektu estrategikoak finantzatzeko.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko urtarrilaren 18ko Aginduak Enpresetan I+G bultzatzeko Hazitek programa arautzen du. Laguntzak emateko prozedurak bi fase ditu: I. fasea, proiektuak aukeratzekoa; eta II. fasea, laguntzak ematekoa. Fase horretan, EAEko Aurrekontu Orokorretan xedatutakoaren arabera, I. fasean onartutako eta hala eskatzen duten proiektuei esleitzen zaizkie dirulaguntzak.

Proiektuak hautatzeko deialdia egin ondoren (I. fasea), aurkeztutako proiektuak aztertu ziren eta, uztailean, proiektu horietako bakoitza onartzea edo baztertzea erabaki zen. Orain, laguntzak emateko deialdia izapidetu behar da. Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa (hilabetetik beherakoa) izango da, deialdiaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.