- Bidaia ofiziala urriaren 10etik 17ra egingo da, Basque Week-ek Tokion duen programazioarekin batera
Iñigo Urkullu lehendakaria, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera, Japoniara joango da Euskadi-Japonia 2023 urteko jarduera-programaren barruko bisita ofizial batean. Programa horren helburua da Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak ikusaraztea eta areagotzea, eta Euskadi Basque Country sustatzea Japoniako herrialdean.
Erakundeen eremuan hainbat topaketa egiteaz gain, lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Business Leader Summit-en parte hartuko du, energiaren, eolikaren eta hidrogenoaren sektoreko euskal enpresen proiektu arrakastatsuak bertatik bertara ezagutzeko.
Era berean, Javier Hurtado sailburuarekin batera, Euskadiko turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jardunaldian parte hartuko du. Jardunaldi horretan Euskadiko dozena bat turismo-operadore bilduko dira.
Guztira 40 euskal enpresa, industria-enpresa eta turismo-sektoreko enpresa joango dira Japoniara.
Basque Week
Basque Week (www.basqueweek.jp) urriaren 14tik 19ra bitartean izango da Toshimako hirian, Tokyo Metropolitarraren erdigunean, eta bi gune izango ditu euskal nortasuna, kultura, kirolak eta tradizionalak, turismoa eta gastronomia ezagutarazteko..
KALEAN jarduera-programak, jendearentzat irekia eta Global Ring plazan kokatua, erakusketa-espazioak eta parte hartzeko tailerrak barne hartzen ditu, lau gai hauei buruzkoak: kirol tradizionalak, tresna tradizionalak (txalaparta, alboka…), sukaldaritza-tailerrak eta produktu tipikoen dastatzea.
Gainera, agertoki nagusian musika-emanaldiak eta herri kirolen emanaldiak egingo dira.
BARRUAN guneak Toshima Civic Centerren barruan gastronomiaren sektoreko profesionalei zuzendutako jarduerak bilduko ditu.
Urriaren 13an, euskal musika eta dantzaren fusio-kontzertu batek Basque Week inauguratuko du Toshima Civic Centerren.