- Emakundek bultzatuta, euskal erakunde guztien laguntzarekin, errespetua, berdintasuna eta indarkeria matxista prebenitzeko jarrerak sustatzen ditu gazteen artean
- Ikus-entzunezko lanak entregatzeko epea azaroaren 10ean amaituko da eta abenduan jakinaraziko dira irabazleak
Gaur jarri da abian gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzea helburu duen Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren hamalaugarren edizioa. Gazteek azaroaren 10era arteko epea izango dute kultura matxista eta indarkeria sexistari aurre egiteko konpromiso pertsonala eta kolektiboa islatzen duen ikus-entzunezko lan bat aurkezteko. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gidatzen du Beldur Barik programa, Emakunderen bitartez, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien eta EUDELen babesa du.
Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.
2023ko edizio honetan, aurrekoan bezala, gehienez 3 minutuko iraupena dituzten ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira eta parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-20 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) parte hartu daiteke.
Guztira zortzi sari banatuko dira. Hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio. Herri-bozketa azaroaren 16tik 19ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez. Irabazleak abenduan jakinaraziko dira.
Beldur Bariken bideo promozionala
Informazio guztia www.beldurbarik.eus webgunean eta sare sozialetan