Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Soldata Berdintasunaren Eguna ospatu du, Emakundek eta euskal enpresarien federazioak Gasteizen antolatutako jardunaldi baten aurkezpenarekin. Jardunaldi horretan soldata-arrakala murrizteko dauden tresnak aztertu dira. Sailburuarekin batera, jardunaldia aurkeztu du Miren Bilbaok, Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko (AMPEA) idazkari nagusiak eta EnpresariAK (Euskadiko Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioa) elkarteko zuzendaritzako kideak.
Irekiera hitzaldian sailburuak gogorarazi duenez, «gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakalak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna errepikatzen eta betikotzen du gizartean, eta, beraz, horri aurre egitea lehentasuna da berdintasun-politikentzat». Lehentasun horren isla da anbizio handikotzat jo duen Eusko Jaurlaritzaren soldata-arrakala murrizteko Estrategia, zeinen bitarez lorti nahi da «Euskadi, 2030erako, soldata-arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea».
Sailburuak aipatu duenez, Euskadi da Estatuan soldata handienak dituen erkidegoa, urteko 31.063 euroko batez bestekoarekin. Emakumeek 28.084 euro kobratzen dituzte batez beste, eta gizonek 33.706 euro. Beraz, urtean 5.622 euroko aldea dago.
Soldata-arrakala murrizteko estrategia Berdintasun, Justizia eta Gizarte Segurantza Sailak koordinatzen du, Emakunderen bitartez, eta 2022-2025 ekintza-planean murgilduta dago. Estrategia horretan Eusko Jaurlaritzako sailek eta Lehendakaritzak parte hartzen dute. Erabakiak hartzean emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bultzatzea, estereotiporik gabeko hezkuntza- eta lan-ibilbideak bultzatzea, enpresetan kontziliazio erantzukiderako neurriak ezartzen laguntzea, ordaindu gabeko zainketa-lanak ikusarazteko eta horiei balioa emateko eta enpresei berdintasunerako diagnostikoak eta planak egiten laguntzea du helburu, besteak beste planak.
Melgosak gogorarazi duenez, estrategiaren tesuinguruan, Emakundek urtero laguntzen deialdia egiten du enpresei, berdintasun-diagnostiko eta -plan bat egiteko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa homologatuen kontratazioa diruz laguntzeko. Halaber, Bai Sarea Berdintasunaren aldeko Enpresen sarea bultzatzen du, eta sare horren barruan soldata-arrakala murrizteko tresna batzuk diseinatu dira. Horrez gain, beste neurri espezifiko batzuk ere bultzatzen ditu, besteak beste, Konfekoop kooperatiben federazioarekin egindako akordioekin.
Bestalde, Josune Irabien Emakundeko idazkari nagusiak soldata-arraila birsortzen dituzten faktoreak azpimarratu ditu, hala nola mundu osoan dirauen segregazio horizontala eta bertikala, emakumeak okerrago ordaintzen diren lan-mota jakin batzuetara baztertzen dituena; emakumeei egozten zaien zaintzaile-rola eta gizon askoren erantzunkidetasun-falta, horrek eragiten baitu, besteak beste, emakumeek lan-malgutasun handiagoko okupazioak onartu behar izatea eta lan-sustapenean eragin negatiboa izatea.
Benito Palmak, Symmetry Auditoriakoak, eta Nerea Garcíak, Erein Aholkularitzakoak, soldata-arrakala murrizteko tresnak aurkeztu dituzte, besteak beste ordainsarien auditoria egiteko eta lanpostuak baloratzeko tresna bat. Eta Dinof enpresak eremu honetan bultzatutako jardunbide egokia aurkeztu du.