“Interiorismo izeneko sektore bat dagoen bezala, gureari ‘exteriorismo’ deitu diezaiokegu”, dio Iker Aramburu Ventanas Aramburuko kudeatzaileak. Gipuzkoako enpresak etxerako soluzioak eskaintzen ditu, fatxadak eta kanpoko osagaiak lantzen, besteak beste. “Leihoak, ateak, terraza-itxiturak, kontraleihoak, barandak, eguzki-oihalak, ate hutsak, hesiak…”.
Enpresa irundarrak 30 urte baino gehiagoko esperientzia du etxerako kanpoko dekorazioko elementu horiek fabrikatzen, saltzen eta instalatzen, mota guztietako arotzeria metalikoarekin. “Leiho metalikoak gure produktu garrantzitsuena dira, eta, berrikuntza gisa, eguzki-argiz kargatzen den bateriarekin funtzionatzen duten kanpoko pertsianak nabarmenduko nituzke”, azaldu du konpainiako ordezkariak.
Ekoizten dituen produktuek hainbat abantaila eskaintzen dituzte, hala nola “produktu gehienetan isolamendu termiko eta akustikoa, eta etxebizitzaren kanpoaldearen hobekuntza estetikoa”. Gainera, etengabeko bilakaeran dago enpresa, soluzio berritzaileak garatzen; adibidez, “sakelako telefonotik erabiltzeko pertsianak domotizatzeko lantzen ari garen garapen-prozesua”. Alde horretatik, Irungo enpresak “berritzailea izatea eta gure lanetan diseinu- eta fabrikazio-programa informatikoetan hobekuntza tekniko eta teknologikoak aplikatzea” du helburu.
Nazioarteko Marketin Digitaleko Plana
Merkatu nagusiak Espainiako eta Frantziako merkatuak diren arren, 2020an euskal enpresak Nazioarteko Marketin Digitaleko Plana jarri zuen martxan, kanpoko merkatuetan online duen posizionamendua hobetzeko. “Denboraldi honetan emaitza positiboak lortu ditugu. Marketin digitaleko kanpainen jarraipen erregularra egiten dugu, eta bihurketak nahiz bisitak nabarmen handitu dira”, dio Iker Aramburuk.
Gaur egun, 22 langile ditu Ventanas Aramburuk, eta 1,7 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.