Arriola: «2023 garraio publikoa berreskuratzeko eta mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko urtea izaten ari da Euskadin»

  • Euskotrenek 30,74 milioi bidaia erregistratu ditu urteko lehenengo zortzi hilabeteetan, 2022an baino % 24 gehiago

 

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, ‘SER Euskadi Topaketak: XXI. mendeko hirietako eta lurraldeetako mugikortasun berria” jardunaldian parte hartu du asteazken honetan, Mugikortasun Jasangarriaren Astea dela eta. “2023 garraio publikoa berreskuratzeko eta mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko urtea izaten ari da Euskadin” esan du Arriolak jardunaldian, hainbat urtetan autonomia-erkidegoan ibilgailu pribatuaren erabilera, pandemiaren ondorioz, zabaldu ondoren, 2021ean sei milioi eta erdi desplazamenduen % 40 izan baitziren.

Covid-19ak aurrerabidea “gelditu” ondoren, Garraioetako sailburuak azpimarratu duenez, “bidaiarien konfiantza berreskuratzen ari gara, eta egunez egun gehiago dira”, beste tresna batzuen artean, garraio publikoari emandako hobariei esker, % 50ean mantentzen baitira.  Arriolak azpimarratu du aurtengo lehenengo zortzi hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzari atxikita dagoen Euskotren sozietateak operatzen dituen garraiobideetan 30,74 milioi bidaia erregistratu direla, 2022ko aldi berean baino % 24 gehiago eta erreferentziako urtean, 2019an, baino % 15 gehiago.

Mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa dira XXI. mendeko hirietako eta lurraldeetako mugikortasun berriak oinarri izan behar dituen ardatz nagusiak”, nabarmendu du sailburuak, eta gogorarazi du une honetan, oraindik ere, garraioaren sektorea Euskadiko isuri kutsagarrien % 35en erantzulea dela, eta horien iturri nagusia.

Alde horretatik, “herritar guztien eskubidea da garraio publikoa erabili ahal izatea, eta pertsona guztiek, non bizi diren eta zer bitarteko dituzten kontuan hartu gabe, erabili ahal izateko lan egin behar dugu, oztopo fisikorik eta ekonomikorik gabeko garraio publiko baten bitartez”, adierazi du. Hori posible izateko, gogora ekarri du Sailak urtean 200 milioitik gora bideratzen dituela tren, tranbia eta metro linea berriak eraikitzera, bai eta jada abian daudenak mantentzera ere.

Gipuzkoari dagokionez, aipatu du Topoko lanek aurrera jarraitzen dutela trenaren bidez probintzia eta hiriburuaren erdialdea lotzeko, ekialdearen eta mendebaldearen arteko komunikazioari erantzuna emanez eta maiztasunak hobetuko dituen zerbitzuaren bidez.

Bestalde, gogora ekarri du Bizkaian urtea amaitu aurretik ekingo zaiela metroaren 5. linea Galdakaora arte luzatzeko lanei, “aspalditik zain gauzkan eta oso beharrezkoa den obra” izanik.

Arabaren kasuan tranbia Zabalganara hedatzeko aurrerapausoak nabarmendu ditu, Salburuara zabaltzeko proiektua jada abian dagoenean.

Garraioen arduradun nagusiak beste hainbat tresna ere aipatu ditu, horien artean estreinatu berria den MovEuskadi aplikazioa, Euskadin garraio publikoko bidaiak planifikatzeko bide bakarra izan dadin, eta operadore ezberdinen informazioa denbora errealean eskainiko du. Azkenik, Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legea, une hauetan Legebiltzarrean izapidetzen ari direna, eta Mugikortasun Jasangarrirako Plana, arlo horretan administrazioak eta eragileak koordinatzeko beharrezkoa dena, balioetsi ditu.