Kotxea gutxiago erabiltzeak lotura zuzena du Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 11. helburuarekin, “Hiri eta komunitate jasangarriak” izenekoarekin.
Eta, zehazkiago, helburu horren 2. xedearekin du zerikusia. Hauxe dio 2. xede horrek: «Hemendik 2030era, garraio-sistema seguru, eskuragarri, irisgarri eta jasangarrietarako sarbidea ematea guztiontzat, eta bide-segurtasuna hobetzea, bereziki garraio publikoa zabalduz, arreta berezia eskainiz egoera ahulean dauden pertsonen, emakumeen, haurren, desgaitasunen bat duten pertsonen eta adinekoen beharrei«.
2022an, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko lau gaztetik hiruk zioten normalean garraio publikoa erabiltzen zutela (% 76,3) eta erdiak baino gehixeagok oinez edo bizikletaz joaten zirela beren lanera edo ikasketa-zentrora (% 54,0).
Bi portaera horiek, kotxea gutxiago erabiltzearekin lotuta daudenak, ohikoagoak izaten dira adinean behera egin ahala. Bestalde, hedatuxeago daude emakume gazteen artean, gizon gazteen artean baino.
Bestetik, garraio publikoa gehien erabiltzen dute Bizkaian bizi diren gazteek, baina lanera edo ikasketa-zentrora oinez edo bizikletaz gehien joaten direnak Arabako gazteak dira.