Basque Open Industryk bere ekosistema industriala eta teknologikoa erakutsiko dizkio Europari ETEaren Europako Astean (SME Week) BECen azaroaren 13tik 17ra bitarte

    • Arantxa Tapia sailburuak gaur aurkeztu du Euskadi Europako industriaren berrikuntzaren erdigunean jartzen duen ekitaldi hau.
    • Erakusketa eremuan, Kanpoko sareko beste bulego batzuez gain, Ukrainaren standa egongo da jarrita. Bertan, Europar Batasunak babestutako “Rebuild Ukraine” bereraikuntza-programarekin lotuta negozio-aukerak eskainiko zaizkie Euskadiko enpresei

Azaroaren erdialdean Europako industria-sektorearen fokuan egongo da Euskadi. Bilbao Exhibition Center-en (BEC) egingo da ETE-en Europako Astea (SME Week 2023). Bere agendan sartuta daude honako hauek: SME Assembly, Europe Enterprise Network (EEN) sarearen urteko bilera eta Basque Open Industry, Euskadiko ekosistema industrial eta teknologikoaren ordezkaritza bat Europako beste txoko batzuei erakusteko baliagarria izango den egitasmoa.

“Europako Batzordeak ‘berrikuntza handiko’ lurralde izendatu du Euskadi, lehen mailako herrialdeen artean kokatua, gure jarduera berritzailea Europar Batasuneko batezbestekoa baino % 10 altuagoa baita, eta, Estatuan, batezbestekoaren oso gainetik baikaude (+% 23)”, adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburuak gaur goizean egin duten ekitaldiaren aurkezpenean. “Berrikuntza-maila horietara heltzeko, gure industria ETE-en bitartez sostengatu da nagusiki, eta ETE horiek oso nazioartekotuta daude eta beren lekua aurkitzen jakin dute; batzuetan, gure enpresa handi batzuei lagunduz eta, beste batzuetan, beren bidea eginez, ‘ezkutuko irabazleen’ modura”.

Sailburuak ETE-en Europako Asteko jarduerak aurkeztu ditu. Azaroaren 13an, astelehenean hasiko da, Basque Open Industryrekin. SPRI Taldeak antolatutako bi eguneko ekitaldia izango da eta pandemia hasi arte egiten zen Basque Industry 4.0ren dinamika arrakastatsua errepikatuko du. Gainera, kasu honetan, industriaren zerbitzura dagoen Euskadiko ekosistema teknologikoaren gaitasunak erakutsiko zaizkie Europako ordezkariei.

Ekitaldi honek Euskadi digitalagoa, berdeagoa eta inklusiboagoa lortzeko trantsizioaren errealitatea ikustarazteko espazioa eskainiko du. Manufaktura aurreratuaren eta Euskadiko industria adimendunaren aplikazio berrien azken joerak zuzenean ikusteko behatoki moduko bat izango da. Euskadik azeleragailua zapaldu du berrikuntzan, eta, izatez, 21 postu egin du gora Europako rankingean. “Gure borondatea da goiko kategorian lider gisa kokatzeko lanean jarraitzea”, nabarmendu du sailburuak, eta uste du “herrialde gisa oso harro egon gaitezkeela egindako ahaleginaz, Euskadi berrikuntzarako EBko lekurik onenetako bat bihurtu baita”.

Talentua, nazioartekotzea eta trantsizio energetikoa-ingurumenekoa eta teknologikoa-digitala

Programaren barruan konferentziak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak daude, elkarri lotuta dauden hiru blokeren egiturarekin; batetik, talentua; bestetik, industria adimendunerako joerak eta; horrez gain, trantsizio energetiko-ingurumenekoak eta teknologiko-digitala. Halaber, aukera ona izango da Euskadiko ETE-entzat hainbat sektorerekin eta berrikuntzarekin, nazioartekotzearekin eta ekintzailetzarekin lotutako eragileekin interakzioa izateko.

Lehen egunean, Arantxa Tapia sailburuaren hitzartzearen ondoren, Estatu Batuetako Energia Saileko ordezkari batek eskainiko du konferentzia nagusia eta, ondoren, mahai-inguru bat izango da Euskadiko industria-ekosistemari buruz, nazioarteko ikuspegitik begiratuta.

Gainera, Euskadiko Nazioartekotze Agentziak (Basque Trade & Investment) talentuak erakundeetan duen garrantziari, industriarekin lotutako bokazio profesionalak sustatzeko beharrari, nazioarteko inguruetan dagoen jarduera profesionalaren gaitasunari eta talentua erakartzeko politika publiko-pribatuak zabaltzeko beharrari erreparatuko dio.

Arratsaldean, BIND 4.0 programaren arrakasta-kasu batzuk hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da. Programa horrek ia 200 startup suspertu ditu, hainbat tamaina eta industria-sektoretako Euskadiko beste enpresa batzuekin izandako loturari esker.

Azaroaren 14an, asteartean, industria adimendunaren joera berriei erreparatuko diete, bi gai nagusirekin: AA -(BAIC) Basque Artificial Intelligente Centeren eskutik- eta industriako zibersegurtasuna. Basque Research & Technology Alliancen (BRTA) inguruan bilduta dauden Euskadiko zentro teknologikoen indarra agerian geratuko da digitalizazioari eta industria berdeari buruzko hainbat hitzalditan. BRTA aliantza Basque Open Industryn izango da ikerketaren lau agendekin batera. Ikerketa-agenda horien helburua da gizarteak eta enpresek arlo bakoitzean dituzten erronkak jorratzea, horiei erantzuten dieten ikerketaren eta teknologiaren garapenaren lehentasunak definituz, Industria Adimenduna, Osasun pertsonalizatua, Elikadura Jasangarria eta Trantsizio Energetikoa gisako arloetan.

Halaber, arratsaldean fabrikazio aditiboarekin, material aurreratuekin, robotikarekin, makina adimendunekin eta osasun digitalarekin hainbat arrakasta-kasu azalduko dituzte Basque Digital Innovation Huben (BDIH) barruan.

Trantsizio energetiko-ingurumenekoari eta teknologiko-digitalari zuzendutako espazioan Euskadiko estrategia mikroelektrikoaz (Basque Microelectronics Hubekin), energiaren arloan dauden aukerez (Energia Klusterrak moderatuta), ekonomia zirkularraz (Ihobe ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak zuzendutako hitzaldi batzuekin) eta nazioartekotzeaz arituko dira.

Erakusketak eta standak BECen: “Rebuid Ukraine”

Hitzaldiez gain, Basque Open Industryn (BOI) erakusketa-eremu bat egongo da, ETE-en Euskadiko ekosistema ordezkatzen duten enpresa batzuen gaitasuna erakusteko. Hainbat espezializazio-arlotan banatuta egongo dira, hala nola zibersegurtasuna; nazioartekotzea; zentro teknologikoak, Basque Research & Technology Alliancen (BRTA) eskutik; adimen artifiziala, Basque Artificial Intelligence Centeren (BAIC) presentziarekin; konpetentzia digitalak eta startupak. Guztira, 80 erakusketari inguru espero dira.

Bind 4.0 programarekin lotura duten startupen standak bertan izango dira, bai iazko ediziokoak, bai 2023ko ediziora aurkeztu direnak; eta kanpoko sareko 18 bulegok ere beren espazioa izango dute, Euskadiko enpresen nazioartekotzeko interesei erantzun ahal izateko, zehazki, Amerikakoak:

  • Estatu Batuak
  • Mexiko
  • Kolonbia
  • Txile
  • Brasil
  • Argentina
  • Uruguai

Europakoak:

  • Erresuma Batua eta Irlanda
  • Frantzia
  • Alemania (baieztatzeke)
  • Italia
  • Polonia eta Ukraina
  • Txekiar Errepublika eta Eslovakia

Eta Asiakoak.

  • Japonia
  • Hego Korea
  • India
  • Asean (Asiako hego-ekialdeko herrialdeen bulegoa)
  • Txina

Halaber, nazioartekotzeari dagokionez, eta, zehazki, Spri Taldearen Euskadiko Nazioartekotze Agentziari (BasqueTrade and Investment) dagokion erakusketa-eremuan, stand bat izango dugu eta Varsoviako bulegoko kideek (Ukrainako merkatuaz arduratzen dira) eta Ukrainako enpresek eta elkarteek negozio-aukerak eskainiko dizkiete Euskadiko enpresei Europar Batasunak babestutako “rebuild Ukraine” berreraikitzeko programaren barruan. Ekitaldian zehar bilerak eskatzeko aukera egongo da, bai BasqueTradeko langileekin, bai Ukrainako enpresa eta elkarteekin.

Izen-ematea zabalik dago eta 150 enpresak parte hartzea espero da hizlari edo parte-hartzaile zuzen gisa, askotariko bisitariez gain. Aurreko edizioetan, ia 2.000 bisitari izan dira ekitaldian.

SME Week 2023

ETE-en Europako Asteak hurrengo egunetan jarraituko du kontinente-mailako beste ekitaldi batzuekin. Alde batetik, SME Assembly izango da (azaroaren 14an eta 15ean), Europako enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) ekitaldirik garrantzitsuena. Formatu hibridoa izango du (aurrez aurrekoa eta online), eta goi-mailako hitzaldiak eta elkarrizketak, adituen mahai-inguruak, tailer interaktiboak eta eskola informatibo magistralak izango dira. ETE-ei jasangarritasunerako eta digitalizaziorako trantsizioa egiteko tresna egokiak eskaintzea da helburua.

Bestalde, Europe Enterprise Network-EEN erakundearen urteko konferentzia egingo da (azaroak 16an eta 17an). Euskadi erakunde horren parte da hasieratik, eta, izatez, SPRI Taldea EENen euskal partzuergoaren burua da. Europako mila ordezkari inguruk osatzen dute erakundea. Enpresa txiki eta ertainentzako munduko babes-sarerik handiena da, mundu osoan dago aktibo eta enpresei laguntzeko bikaintasunagatik ezagunak diren erakundeetako adituak biltzen ditu. Merkataritza-ganberak eta industria, eskualdeko garapenaren erakundeak, unibertsitateak eta ikerketa-institutuak eta berrikuntza-agentziak biltzen ditu.