- “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean, kanpainak herritarrei dei egiten die gaitu.eus atarian sartu eta euren ahotsa grabatzeko teknologia berriei euskara irakasteko
- Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sustatutako kanpaina da
Egungo teknologiek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen ditu eta euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, GAITU izeneko kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko. “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala.
Kanpaina honen berri gaur goizean eman da Donostia/San Sebastián-eko Tabakalera zentroan antolatutako ekitaldi batean. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bingen Zupiria; Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria Ana Ollo eta teknologia berriekin eta euskararekin zerikusia duten eragileak izan dira, besteak beste, Librezaleak edota Bagera elkarteko kideak.
Bingen Zupiria sailburuak aipatu duenez, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan eta “euskara guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean”. Horixe da, hain zuzen, GAITU kanpainaren helburua, milaka ahots, milaka grabazio ordu euskarazlortzea. Teknologiak hizkuntzarekin “harreman zuzena” duela erakusten duten eguneroko bizitzan erabiltzen diren adibideak aipatu ditu: mugikorrari diktaketa bidez emandako mezuak; pertsona jakin bati deitzeko ahots bidezko agindua; ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak edota etxeko domotika gailuei ahots bidezko aginduak. “Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu”, ziurtatu du Zupiria sailburuak. Ekimen hau urte hasieran onartutako Hizkuntzaren Teknologien Ekintza Planaren barruan kokatu du sailburuak, eta beste proiektu batzuk ere izendatu ditu; horien artean, ITZULI itzultzaile neuronala edo UPV/EHUrekin egindako ikerketarekin lotutako kolaborazioak nabarmendu ditu, ahots espontaneoaren transkripzioa hobetzeko, euskararen gaitasun-maila automatikoki detektatzeko edo desgaitasuna duten pertsonei ahots pertsonalizatuen teknologia helarazteko.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde Ana Ollok – Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamarekin batera – nabarmendu du proiektu hau bat datorrela Euskarabideak azken urteotan euskararen eta teknologia berrien arteko harremanak estutzen laguntzeko egin dituen lan-ildoekin. Izan ere, «sailaren plangintza estrategikoan, hasiera-hasieratik lehentasunezkotzat jo zen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskararen berezko garapen-nitxo bihurtzea, euskararen eta modernitatearen arteko lotura estutzeko estrategia gisa», eta beste ekimen batzuk ere aipatu ziren, hala nola «Sarean euskaraz», sustapenekoa, «Euskara aleka» eta «Euskararen oihartzunak» podcast-ak, «Mattin eta Kattalin» haurrentzako bideo-bilduma edo Wikipediarekin egindako lana. Ollok, gaur goizean aurkeztutako ekimenera itzuliz, azaldu du gaur egun, «euskarak hizkuntzaren teknologien erronkei aurre egiteko, funtsezkoa dela administrazio publikoen bultzada eta herritarren inplikazioa, kasu honetan bezala». «Helburua euskal hiztunen komunitateak Gaitu proiektua bere egitea da”. “Administrazio publikoen zeregina herritarrak parte hartzera bultzatzea eta parte-hartze hori erraztea da «, azaldu du.
GAITU: BATU DITZAGUN GURE AHOTSAK
Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu:
• Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera izango da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz.
• Beste aukera, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat balioztatzea ematea da. Horretarako, esaldi bat entzutea proposatu diote erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jartzen duena eta ulertzen denaontzat ematea izango da. Ongi badago, ongi dagoela adieraziz, eta zuzena ez bada, ez dela egokia ohartaraziz. Hau ere nahi adina aldiz errepika daiteke.
Zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto.
Hau posible da “Common Voice” deritzon nazioarteko ekimenari esker. Ekimen irekia da, irabazi-asmorik gabea, kolaboratiboa. 105 hizkuntzatan hasiak dira Common Voice-en ahots ekarpenak egiten, eta ia beste hainbestetan prestatzen ari dira.