BAEA startup-ak (Basque Algae and Engineering Aplication) “Soir.ee Mademoiselle Basque” saria irabazi zuen atzo, urriak 3, Garapen Jasangarrirako Helburuekin konprometitutako emakume ekintzaileei bideratua. Sortzailea Esther Blanco Rayón UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) irakasle eta ikertzailea da, eta adierazi du prototipo bat garatzen ari dela, enpresa txiki eta ertainei karbono aztarna murriztea ahalbidetuko diena. “Baita bizilagunen komunitateetako galdara komunitarioei ere”, gehitu du sarituak.
Blanco Rayónek, Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Saileko irakasle eta ikertzaileak, prototipo bat garatu du gasak deskarbonizatzea lortzeko (CO2-a oxigeno bihurtzea) hainbat alga motaren bidez. Erabiltzen duen prozedura da enpresek zein galdara komunitarioek beren tximinietatik aireratzen dituzten gasak mikroalgen kultibo batera bideratzea, CO2 hori gorde eta eraldatu dezaten. “Gas emisio horiek egin eta kutsadura areagotu beharrean”, azaldu du Blancok.
Era berean, algei etekin handiagoa ateratzeko, Blanco Rayónek argiztapen sistema automatizatu bat patentatu du, alga mota bakoitza garatzeko baldintza egokiak lortzen dituena. BAEAk patentatu duen argiztapen sistema horren indarguneetako bat da, Blancok aitortu duenez, edozein lekutara egokitu daitekeela; ez du axola non ari diren mikroalgak hazten, “sistema hori erabiltzeko aukerak mugagabeak direlako”. Gaur egun, sistema horren softwarea hobetzean eta finantzaketa bilatzean zentratuta dago enpresa, “badakitelako” haien ideiak diruzko onurak eta diruzkoak ez direnak ekarriko dituela, beste ikertalde batzuekin lankidetza, esaterako.
BAEA startup-aren arrakasta ez da Esther Blancorena soilik, baizik eta “baita Plentziako Itsas Estazioarena (PiE-UPV/EHU); ZITEK, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programarena; BEAZ-ena eta SPRI-rena ere”.
‘Soir.ee Mademoiselle Basque’
Lehiaketa horren helburua zen herritarrak sentsibilizatzea genero berdintasunaren garrantziaz, emakumeek biologian edo ingeniaritzan parte hartzeko dituzten eskubideez, eta artearen eta negozioen munduan jasangarritasunak duen garrantziaz.