- Aurtengo urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin ordainduko da
- Horrela, aurtengo guztizko igoera %3ra igo da orain arte
Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien %0,5eko igoera gehigarria onartu du gaur bere ohiko bileran. Igoera atzeraeraginez ordainduko da 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Igoera gehigarri hau, urte honetarako aurretik onartutako %2,5eko igoerari gehitzen bazaio, guztira %3ko igoera dakar 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekin alderatuta. Igoera horretarako aurreikusitako gastua 20.793.298 eurokoa izango da.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik egindako erabaki-proposamena bat dator oinarrizko araudiarekin, zeinak %0,5eko igoera gehigarria aurreikusten baitu enplegatu publikoentzat 2022ko eta aurtengo iraileko KPI harmonizatuaren batura ehuneko seitik gorakoa bada. Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) aurtengo iraileko datu aurreratua argitaratu berri du (%3,5), eta hori 2022ko datuari (% 5,5) gehitzen bazaio, aipatutako %6a gainditzen du.
Gehikuntza hori honako nomina hauetan aplikatuko da:
– Administrazio orokorreko, erakunde autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta EAEko sektore publikoko partzuergoetako funtzionarioak eta estatutupeko langileak.
– Lehendakaria, sailburuak, goi-karguak eta antzekoak, behin-behineko langileak eta zuzendaritzako langileak.
– EAEko Administrazio Orokorreko, erakunde autonomoetako eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoko lan-kontratuko langileak.
– EAEko sektore publikoko gainerako erakundeen zerbitzura dauden lan-kontratuko langileen soldata-masa.