Gazteriarekin eta gazteriaren aldeko ituna prestatzeko parte-hartze prozesuaren lehen faseak 85.000 gazte baino gehiago gonbidatu ditu

  • Gazteria Zuzendaritzak inkesta bat bidali die WhatsApp edo posta elektroniko bidez Gazte Txartela duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteei
  • Parte-hartze prozesu honen helburua da Itunaren esparruan landu beharko liratekeen gai garrantzitsuenak identifikatzea
  • Bigarren fasean metodologia kualitatiboa garatuko da, eztabaida-talde ugariren bitartez
  • Ekimen hori Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren X. Trakzio Proiektuan aurreikusita dago
  • Itun honen helburua da gazteen kezkei eta beharrei erantzungo dien belaunaldien arteko adostasunak ezartzea

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetzan, Gazte Txartela aktibatuta duten 85.000 gazteri baino gehiagori zuzendutako kontsulta jarri du abian gaurtik aurrera. Helburua da gazteen ustez Euskadiko Gazteriarekin eta Gazteriaren aldeko Itun batean sartu beharko liratekeen gaiak identifikatzea.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak 2023ko martxoaren 21ean onartutako Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren barruan dago. Estrategia horrek hamar trakzio-proiektutan antolatzen du bere jarduera-plana, bereziki gazteen emantzipazio-ibilbideei eragiten dieten bost esparrutan (enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia) egituratuta.

Estrategia horren X. Trakzio Proiektuak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetza estuan, Euskadiko Gazteriarekin eta Gazteriaren aldeko Ituna bultzatzea proposatzen du.

Belaunaldien arteko ekitatearen araberako itun horrek gizarte osoaren inplikazioa eta gazteen partaidetza eta lidergo nabarmena eskatzen ditu.

Aurreikuspen hori betetzeak ezinbestekoa egiten du entzuteko eta parte hartzeko metodologiak ezartzea, baita emaitzak gazteei —bai gazte-esparruko erakundeen bidez elkartuta daudenei, bai elkartuta ez daudenei— itzultzekoa ere.

Gazteek beren emantzipazio-prozesuetan eragin handiena duten politika publikoen diseinuan zuzenean parte har dezaten sustatzeko, bi fasetan garatuko den partaidetza-prozesu honi hasiera emango zaio, ondorioak jorratu aurretik.

Kontsulta kuantitatiboaren lehen fasea 15 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako online inkesta labur baten bidez garatuko da. Gazteek beren egoera hobetzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak identifikatzen saiatzen da galdetegia.

Bigarren fasean, metodologia kualitatiboa aztertuko da, eztabaida-talde ugari osatuz. Talde horiek lehen faseko ondorioak baloratuko dituzte.

Prozesu horren bidez, gazteen egoerari, beharrei eta kezkei buruzko diagnostikoa egin ahal izango da, eta euskal Gazteriarekin eta Gazteriaren aldeko Itunaren edukiak eratu. Parte-hartze prozesua datorren udaberrian amaitzea aurreikusten da.

Gazteen kezka eta premia nagusiei erantzungo dieten zeharkako eta belaunaldien arteko adostasunak ezarri nahi ditu Gazteriarekin eta Gazteriaren aldeko Itunak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 900909755 doako telefonora, idatzi [email protected] helbidera edo kontsultatu webgune honetan:

https://www.gazteaukera.euskadi.eus/