Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei zuzenduriko Agindu bat. Honen bidez, ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatuta dauden eta eskola-garraiorako eskubidea duten hezkuntza-premia berezietako ikasleentzat eskola-garraiorako banakako dirulaguntzak deitzen dira, 2023-2024 ikasturterako. Deialdi honek 5.417.518 euroko diru kopurua du.
Dirulaguntza hauen jasotzaileak izango dira, ezgaitasun larriak izan (ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala) eta Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa edota ohiko garraio publikoa erabili ezin dezaketen ikasleak, eta hortaz, euren etxebizitzetatik eskoletara joatea erraztuko duen garraio-alternatiba bat behar dutenak. Eskola inklusiboaren printzipioari jarraiki, Hezkuntza Sailak ikasle hauek ikasteko edo parte-hartzeko izan ditzaketen oztopoak ezabatu eta leundu nahi ditu deialdi honen bidez, eta eskola-garraioa ez dadila zailtasun bihurtu ikasle bakoitza ingurunerik egokienean eskolatu dadin.
Laguntza hauen onuradun izateko, gorago aipaturiko desgaitasunen bat izateaz gain, ikasleek 2023-2024 ikasturtean Haur Hezkuntzako (lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa), Lehen Hezkuntzako, DBHko edo Oinarrizko Lanbide Heziketako etapetan matrikulatuta egon beharko dute, ikastetxe publikoetan. Itunpeko ikastetxeetan matrikulatutako ikasleak laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta Hezkuntza Administrazioak berariaz hala aginduta izan bada, Sailaren ikastetxeen sarean eskaintzarik ez dagoelako.
Deialdi honetara bideratutako zenbatekoa handitu egin ahal izango du Hezkuntza Sailak beharrezkoa izanez gero, laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten eskabideen kopurua kontuan hartuta. 2022-2023 ikasturtean, ezgaitasunen bat zuten 1.140 ikasleren 171 ikastetxetarako garraioa finantzatu zen deialdi honen bidez.