Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak balorazioa egin du, atzo Hezkuntza Legeari zuzenketak aurkezteko epea amaitu ondoren. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Bildarratzek adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ezaugarri nagusi bat duela: «Lehenengoz, Lege Proiektu honek biltzen du integralki hezkuntza sistema osoa. Lehenengoz bilduko ditu bai ikastetxe publikoak zein itunpekoak, aterki edo lege baten azpian”.
Etorkizuneko Hezkuntza Legearen bigarren ezaugarri edo indargune moduan, “ikastetxe bakoitzaren ahalduntzea, edo autonomia indartzea” nabarmendu du sailburuak. “Ikastetxe bakoitzak erantzun behar dio bere ekosistemari, bere espazioari, bere inguruneari. Azkenean, bere inguruan dagoen bizitzari. Horrek ekarriko du hezkuntza sistemak eta ikastexe bakoitzak kalitatea areagotzea. Hori da azkenean lege honen helburu nagusienetakoa”, azaldu du.
Aurreko horren haritik, Bildarratzek nabarmendu duenez, “ikastetxe bakoitzaren ahalduntze horretan” ikastetxe bakoitzak egungo A, B eta D ereduetatik bere hizkuntza-proiekturako bidea egingo du, «inguruko egoera sozioekonomikoa eta soziolinguistikoa kontuan hartuta», ikasleen irteera-profilean ezarritako euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ezagutza-maila, hizkuntzen erabilera eta horiekiko jarrera positiboa lortzeko; betiere irizpide pedagogikoei jarraituz eta hizkuntza-proiektu horiek arautzen dituen dekretuaren arabera.
Hezkuntza Legeak, Bildarratzek gogorarazi duenez, bide berri bat irekitzen du ikastetxeen errealitateari erantzuteko, eta ingurune bakoitzeko egoera soziolinguistikoari eta sozioekonomikoari erantzuteko elementuak sartzen ditu
Ildo horretan, sailburuak adierazi du Legeak errespetatu egiten duela Hezkuntza Hitzarmena arlo horretan, eta EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketen artean xedapen gehigarri bat ere sartu dela, esparru eleanitza bi urtean gara dadin, behin legea onartu ondoren, hitzarmenean jasotzen den bezala. Gaineratu duenez, hizkuntza-ereduek indarrean jarraitzen dutela argitzeak ez du Hezkuntza Hitzarmena hausten.
Gogorarazi du, halaber, hizkuntza-ereduak ez direla indargabetzen, Euskararen Legea eta haren erregelamendu-garapena indarrean baitaude oraindik, eta, beraz, baita 138/1983 Dekretua ere. Ildo horretan, adierazi du Hezkuntza Sailaren zeregina ikastetxeei laguntzeko esparrua, tresnak eta baliabideak erraztea izango dela, ikasleek irteera-profilean eskatzen diren ezagutzak lor ditzaten.