Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare » LABORAL Kutxa Itzulpen Saria, «Hezurren erretura» ingelesera itzultzeagatik

  • Miren Agur Meaberen eleberriaren ingelesera egindako itzulpena izan da aurtengo garailea; Parthian Books argitaletxe galestarrak argitaratu du lana
  • Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horren sustapenerako 

Euskal literaturaren egile garaikide esanguratsuenetarikoa den Miren Agur Meaberen ‘Hezurren erretura’ eleberriaren ingelesera egindako itzulpena izendatu du garaile Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren bederatzigarren edizioko epaimahaiak. Amaia Gabantxok euskaratik (‘Hezurren erretura’) ingelesera itzuli du  eta Parthian Books argitaletxeak plazaratu du ‘Burning Bones’ izenburupean.

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko sari-emate ekitaldira bertaratu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkaria; Amaia Gabantxo itzultzailea; eta Miren Agur Meabe idazlea.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz  sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Amaia Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpen lana, eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literaturarekiko interesa nabarmendu du epaimahaiak.

“Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia” azpimarratu du epaimahaiak.

Bestalde, Parthian Books argitaletxearen euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala ere saritu nahi izan dute, bigarren aldiz, Miren Agur Meaberen eleberri bat ingelesez argitaratu baitu. Meaberen bi obraz gain, Karmele Jaioren ‘Amaren eskuak’ lana ingelesez argitaratu du ere.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren bederatzigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, sari honen emaitzak duen eragina balioan jarri nahi izan du: “Gure literaturari mugak zabaldu eta beste kultura eta hizkuntza batzuetan ere gure sormen literarioa eta gure idazleen talentua ezagutarazteko balio du”.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2021. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Amaia Gabantxo

Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da. Lan eskerga egin du itzultzaile moduan, eta berari esker itzuli dira ingelesera ‘Twist’ eta ‘Belarraren ahoa’ (Harkaitz Cano), ‘Kristalezko begi bat’ (Miren Agur Meabe), ‘Zorion perfektua’ (Anjel Lertxundi), ‘Vredaman’ (Unai Elorriaga), ‘Borrokaria’ (Bernado Axaga), ‘Harri eta herri’ eta ‘Maldan behera’ (Gabriel Aresti), eta gaur saritua izan den ‘Hezurren erretura’ (Miren Agur Meabe), besteak beste.

Gabantxo kolaboratzailea da hainbat literatura argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen-idazkera irakaslea izan da University of East Anglia-n, University of Chicago-n eta School of the Art Institute in Chicago-n. Azken urteetan Irlandan, Britainia Handian, eta Estatu Batuetan argitaratu eta jardun du.

Bere saiakerak eta fikziozko lanak Words Without Borders, The New Engagement, The Massachusetts Review eta The TLS argitalpenetan agertu dira, besteak beste. Hainbat sari jaso ditu, bere lanaren kalitatearen aitortza direnak, esate baterako, Wingate beka (2001), OMI Writers Translation Lab saria (2015), edo Etxepare – Laboral Kutxa itzulpen Saria (2018).

Parthian Books

Parthian Books Galesko Cardigan hirian egoitza duen argitaletxe independentea da. 1993an sortu zen, eta ordutik literaturaren ahots aniztasuna zabaltzea xede, idazle berrien lanak, Galeseko literatura klasikoaren eta garaikidearen obrak eta Europako beste hizkuntzetatik ingelesera itzulitako lanak argitaratzen dituzte.

Gaur egun, bi bildumen bitartez sustatzen beste hizkuntzetatik ingelesera itzulitako lanak: Parthian Baltics Series, fikzioan eta poesia baltikoan oinarritua, eta The carnival of voices, Europako hizkuntzetatik itzulitako eleberrietan oinarrituta. Azken bilduma honetan euskaratik, letonieratik, katalanetik, txekieratik, frantsesetik, eslovakiarretik eta turkieratik itzulitako eleberriak aurki daitezke.

Argitaletxeak, gaur saritua izan den lanaz gain, hainbat euskal obren itzulpenak argitaratu ditu dagoeneko: ‘Kristalezko begi bat’ (Miren Agur Meabe) eta ‘Amaren eskuak’ (Karmele jaio) lanak, hain zuzen ere. Argitaletxeak 2022ko udan argitaratu zuen ‘Burning Bones’ eleberria.

Aurreko urteetako irabazleak:

2022

Mariolein Sabarte Belacortu eta Zirimiri Press argitaletxea

‘Amek ez dute’ (Katixa Agirre)

Eleberria

Nederlandera

2021

Nami Kaneko eta Shinchosha argitaletxea

Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga)

Eleberria

Japoniera 

2020

Eider Rodriguez eta Lander Garro eta Literatura Random House

Bihotz handiegia (Eider Rodriguez)

Ipuin bilduma

Gaztelania 

2019

Ainara Munt eta Pol·len edicions

Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)

Poesia

Katalana

2018

Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies

Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)

Poesia

Ingelesa

2017

Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko

Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)

Eleberria

Ukrainera

2016

Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea

Mussche (Kirmen Uribe)

Eleberria

Japoniera

2015

Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea

Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)

Poesia antologia

Galegoa