Soluzio teknologikoak ugaritzen ari dira egunez egun sektore guztien hobekuntza operatiborako. Eta Euskadik aurrerapen horren parte diren eragile aktiboak ditu industria optimizatzeko. Adibide horietako bat Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko euskal zentroak garatzen dituen zubiak monitorizatzeko eta trenbide-azpiegituren mantentze prediktiboa egiteko soluzio berriak dira.
Erabakiak hartzea erraztuko duten eta azpiegiturak seguruagoak eta ekonomikoki jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duten soluzio teknologikoak dira, “inteligentziaz hornituz eta prestazioak optimizatuz”, adierazi dute Tecnaliatik. “Azpiegituren monitorizazioa eta mantentze prediktiboa funtsezkoak dira haien segurtasuna hobetzeko eta haien balio-bizitza luzatzeko”.
Alde batetik, Tecnaliak “landa-eremuetako zubien egoera monitorizatzeko eta ebaluatzeko plataforma berritzailea” garatuko du. Pongaueko (Austria) Eskualde Elkarteak baliozkotuko du, Durangaldeko (Bizkaia) Landa Garapenerako Elkartearekin lankidetzan. Izan ere, euskal zentroaren arabera, landa-eremuek erronka espezifikoei egin behar diete aurre, “klima-aldaketak eragindakoez gain, hala nola despopulazioa, konektibitate mugatua eta azpiegitura eta zerbitzu publikoetara iristeko ezintasuna”.
Bestalde, tren-azpiegituren esparruan, Tecnaliak erabakiak hartzeko software-plataforma bat garatuko du, erresilientziaren dimentsioetan oinarritutako mantentze prediktibo/kognitiborako. “Teknologia aurreratuak erabiliko dira arriskuak ebaluatzeko, azpiegitura monitorizatzeko eta mantentze-lanak iragartzeko. Teknologia horien artean daude hardwarea IoT azelerometro gisa, eta softwarea 3D prozesamendu edo eredu prediktibo gisa “, azaldu dute zentrotik.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.