Eusko Jaurlaritzako osasun sailak indarrak batzen ditu arreta aringarri hobea jasotzea bermatzeko

2027ko Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoak baliabideak ematen dizkio euskal osasun-sistema osoari pazienteen, hauen senideen eta haiek zaintzen dituzten pertsonen bizitza hobetzeko

Bihar, Zainketa Aringarrien Mundu Eguna da. Data horrek pertsona baten bizitza mehatxatzen duen gaixotasun aurreratu eta sendaezin bati aurre egiteko modua irudikatzen du. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaixotasun hori leundu egin behar da, sufrimendua prebenituz eta arinduz, diagnostiko goiztiar baten bidez eta minaren tratamendu egokia ezarriz. Helburua da pazienteen, hauen senideen eta haiek zaintzen dituzten pertsonen bizitza hobetzea.

Duela gutxi onartu den Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoak (2027ra arte egongo da indarrean) bere gain hartzen dituen baliabideak ematen dizkio Euskadiko osasun-sistema osoari, pazientea hil arte zainketa aringarrien eskaintza eta prestazioa errazteko konpromisoa hartzeko. Konpromiso hori senitartekoen doluari arreta ematera ere luzatzen da.

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik adierazi duenez, «oso garrantzitsua da biografia bat amaitzen den moduaz jabetzea; kasu horretan garrantzi berezia hartzen du zaintzaren kontzeptuak, egunerokotasunean oharkabean igarotzen baita premiak eraginda».

Pertsonen duintasunarekiko konpromisoa

Alde horretatik, 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planak indartu egiten du Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-laguntzaren ekitatearekin, kalitatearekin eta unibertsaltasunarekin duten konpromisoa, baita Osakidetzako profesionalek arreta pertsonalizatuarekin eta pertsona guztien —eta bereziki, ahulenen— duintasuna errespetatzearekin duten konpromisoa ere.

Gakoa da bermatzea bizitzaren azken faseko arretan osasun-sistemako eta sistema soziosanitarioko zerbitzuak direla gaixotasun itzulezina duenaren premia espezifiko eta aldakorren inguruan antolatzen direnak, eta ez zainketa aringarrien beharra duen pertsona zerbitzu horien barne-antolamendura egokitu behar izatea.

Plan horren helburuen artean, nabarmentzekoak dira profesionalen arteko koordinazio-sistemak ezartzea eta gizarte-erakundeekin eta zerbitzu soziosanitarioekin koordinazioan aurrera egitea. Bestalde, esparru horretan ikerketa eta berrikuntza sustatzen dira.

Sare asistentzial eta soziosanitario zabala

Euskadik sare asistentzial eta soziosanitario zabala du, hainbat esparrutako profesionalak dituena: lehen mailako eta ospitaleko arreta, etxeko ospitalizazioa, Zainketa Aringarrietako ekipo eta unitate espezifikoak, eta ahaztu gabe Larrialdiak, Osasun Kontseilua, EAG, Ospitaleko Larrialdiak edo Etxeko Arreta Urgentea.

Zainketa aringarrien plangintza 1990ean abiatu zen Euskadin, Gorliz, Santa Marina eta Lezako ospitaleetan zainketa aringarrien lehen unitateak sortuz. Harrezkero, aurrerapen handiak egin dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak 11/2016 Legea,  bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa, onartuz. Lege horrek babesa ematen die bai pertsonei bai osasuneko profesionalei, eta, horrenbestez, Euskadiko zainketa aringarrien plangintzaren goiko mailara (edo makro) heltzen da.

Etengabeko arreta24 orduz

Azkenik, gogoratu zerbitzu eta ingurune guztietan arreta integratua eta jarraitua ematen dela (24 ordu egunean, 365 egun urtean). Arretaren koordinazioa osasun-eragileen eta -gailuen artean ematen da, eta gizarte-eragileekin eta -gailuekin. Izan ere, zainketa aringarriek pertsonen eta familien osasun-beharrei ez ezik, haien gizarte-beharrei ere erantzun behar diete, hau da, haien mendekotasun-mailari eta eskura duten laguntza-sare sozialari.