- Zinemaldian, NATAXIK dokumentala ikusi ahalko da, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren, Kataluniako Garapenerako Lankidetzako Agentziaren eta Ikaika Mediaren ekoizpena
- Jaialdia Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak babesten du
Vitoria-Gasteiz, 2023/10/18
Gaur goizean aurkeztu da Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioa. Urriaren 19an hasi eta 26an bukatuko da, sari banaketarekin. Jaialdiaren helburu bat da gizarte kritikoa bultzatzea, ikus-entzunezkoen bidez, munduan askotariko eta maiz ikusezinak diren errealitateak hurbilduz.
Guztira, hainbat kontinentetako 54 herrialde ezberdinetako 64 lan ikusi ahal izango dira, zeinetatik 9 Afrikan egindakoak baitira, eta 7, gainera, euskaraz ikusi ahalko dira. Era berean, Hegoafrika, Kongoko Errepublika demokratikoa, Kolonbia, Brasil, Errusia, Kuba, Belgika, Guatemala edo Euskadiko zinemagileak egongo dira euren lanak aurkezten Golem Alhóndiga-Azkuna Zentroan, batez ere. Bizkaiko beste egoitza batzuetan eta batxilergoko eta heziketa profesionaleko beste 16 institutuetan era ikusi ahalko dira.
Jaialdia, Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEak sustatutakoa da, eta hamabost urte betetzen ditu. Aurten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. Urteurrenaren ospakizunean jarri nahi izan du arreta berezia. Zentzu horretan, urriaren 20an, eta 23an, Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren, NATAXIK dokumentala aurkeztuko da, maia kaqchikelez memoria esan nahi duena. Oroimenean barrena egindako bidaia da, eta protagonistaren bitartez, Guatemalako iraganeko eta egungo istorioak erakusten dira, barne gatazka armatuan hildako eta desagerrarazitako biktimen senideen ahotsen bidez.
Gizarte-eraldaketarako zinema
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak babesten du, Migrazio eta Asilo zuzendaritzatik eta baita Emakunde eta eLankidetzatik ere. Babes horren arrazoi nagusia da jaialdia Eusko Jaurlaritzak sustatu nahi duenaren isla dela, hala nola aniztasunari, genero ekitateari edo kultur arteko bizikidetzari dagokienez balioak aldatzea, gizartea eraldatzen lagunduko duten hezkuntza ekintzen bidez.
eLankidetzak finantzatu eta modu aktiboan parte hartu du azkenengo 12 urteotan. Zentzu horretan, laguntza hori (H)ABIAN 2030 Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiarekin lotutako ekimena da. Estrategia horretan, euskal erakunde, GGKEek, hezkuntza eragile eta gizarte mugimenduak parte hartzen dute eta gizartea eraldatzeko hezkuntza ekintzak sortzeko konpromisoa dute.