- Zaintza-lana urriaren 23tik 29ra, azaroaren 6tik 12ra eta abenduaren 6tik 10era indartuko da Euskadiko errepide-sareko bide eta kaleetan
Eusko Jaurlaritzak areagotu egingo du abiaduraren kontrola urriaren 23tik 29ra, azaroaren 6tik 12ra eta abenduaren 6tik 10era egingo diren kanpainekin. Ertzaintzak, udaltzaingoarekin lankidetzan, abiadura-mugak betetzen diren zainduko du, Euskadiko errepide-sareko istripuen tasa eta zaurituen eta hildakoen kopurua murrizteko. Kontrolak, edonola ere, prebentziozkoak izango dira, eta abiadurari lotutako arriskuko bide-zatietan egingo dira, bai eta ezarritako muga gaindituta zirkulatzen den eta istripu-tasa handia dagoen puntuetan ere.
Estíbaliz Olabarri Trafikoko zuzendariaren arabera: “Abiadura desegokia da hildakoak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, arreta-galtzeekin eta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin batera. Mugikortasun segurua eta jasangarria bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da ezarritako mugak errespetatzea eta, gainera, abiadura bidearen eta eguraldiaren inguruabarretara egokitzea”.
Egiaztatuta dago abiadurak zerikusi zuzena duela trafiko-istripuen kaltegarritasunarekin. Abiadura handian gidatzen denean, ezbeharren kopuruak eta horien larritasunak gora egiten dute modu esponentzialean. Gainera, kontuan izan behar da zenbat eta handiagoa izan abiadura orduan eta distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko. Kalkulatzen da, batez beste, 120km/h-an zirkulatzen bada, futbol-zelai batena baino distantzia handiagoa beharko dela gelditzeko.
Abiadura kontrolatzeko kanpaina horiek trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 45 kanpainen egutegiaren barruan daude.