Arkauten (Araba) dagoen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak dementziei eta Alzheimerrari buruzko formakuntza espezifikoa eman die ostegun eta ostiral honetan, datorren azaroaren 10ean, graduatu ondoren, Ertzaintzan eta Euskadiko hainbat herritako udaltzaingoetan sartuko diren Euskal Poliziako 484 izangaiei. Arabako Alzheimerraren eta beste dementzia batzuen AFARABA elkarteak azaldu du zein den pertsona horien errealitatea eta nola identifikatu ahal diren gaixotasun horiek dituzten pertsonak, eta, horrez gainera, polizia jarduketetan gaixotasun horiek tratatzeko eta kontrolatzeko trebetasunak eta tresnak ere eskaini dizkie agente izangaiei.
Ez da erraza dementzia duen pertsona bat bereiztea. Hori dela eta, “sintomak oso kontuan izan behar dira eta pertsona hori une horretan nola sentitzen ari den jakiten saiatu behar da, modu horretan zergatik jokatzen duen jakiteko”, esan du Zuriñe Majuelok, AFARABAko psikologo eta hezitzaileak.
Horrela, eta jarraitu beharreko pauta praktikoei dagokienez, gomendio hauek eman dizkie:
- pertsonarengana enpatiaz hurbildu
- ahal den neurrian sentiberak izan eta emango den urrats bakoitza aurretik azaldu (esate baterako: zuregana hurbilduko naiz, besotik helduko dizut, eta abar).
- modu sinplean komunikatu, esaldi laburrak erabiliz, eta behar diren guztietan errepikatu.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jakin badaki zein den pertsona zaurgarrien, bereziki, dementziak edota Alzheimerra dauzkaten horien errealitatea, eta, oro har, osasun mentalaren egoera zein den, eta uste du, beraz, ezinbestekoa dela “era honetako formakuntza espezifikoak ematea, tentuz hartu behar diren egoera horiek behar bezala tratatzeko tresnak izateko eta, aldi berean, pertsonei kalitatezko arreta emateko aukera ematen baitiete ikasleei”, Andrés Zearreta Akademiako zuzendari nagusiak adierazi duen bezala. Berez, 2020tik, Euskal Polizian sartzeko hiru formakuntza-prozesutan landu da gai hori.