Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatu dugu dela gutxi. Eta norbaitek galdetuko dio bere buruari zer esan nahi duen hitz horrek eta zergatik den hain garrantzitsua.
Duela gutxi arte, trans pertsonak «pertsona gaixotzat» hartzen ziren, eta, horregatik, txosten medikoek eta medikuntzak paper garrantzitsua hartzen zuten trans errealitateetan; izan ere, trans izatea osasun mentaleko patologiatzat hartzen zen, eta horrek min handia, sufrimendu handia eta diskriminazio handia sortzen zituen.
Zorionez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) neurri esanguratsuak hartu zituen trans pertsonen despatologizazioari heltzeko eta genero-aniztasuna errespetatzeko. Horrela, 2019an, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (GNS-11) eguneratu zuen, «genero-inkongruentzia» buru-nahaste gisa kategoriatik kenduz eta sexu- eta ugalketa-osasuneko ataleko gai bezala hartuz.
Aldaketa berak trans pertsonekiko errespetua eta begirunea azaltzen baditu ere, zoritxarrez, aurreko lotura medikoa amaitu gabe dago guztiz.
Berdinduk txalotu egiten du trans errealitatearen ikuskera berri hori, estigmatizazioa eta diskriminazioa murrizten laguntzen duelako, eta arreta medikoaren ikuspegi begirunetsuagoa eta bidezkoagoa sustatzen duelako, bai eta haren genero-identitatearen legezko aitorpena ere.
Trans pertsonen esperientziak giza esperientziaren aniztasunaren beste adierazpen bat dira. Berdinduk azpimarratzen eta errepikatzen du pertsona guztiek dutela beren genero-identitatearen arabera bizitzeko eskubidea.
Horregatik, Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Egunean, Berdindu Zerbitzu Publikoak transfobiari aurre egiteko deia egin nahi du. Pertsona guztiok merezi dugu errespetua eta duintasuna, beren genero-identitatearen alde batera utzita.
Trans pertsonek beren genero-identitatearekin bat datorren bizitza osoa garatu ahal izateko eskubidea bermatzeko beharra azpimarratzeko eguna da; hori guztia, kalitatezko arreta medikoa bermatuz eta tratu onetatik abiatuta hala nahi duten pertsonei, trantsizio-eredu bakar bat inposatu gabe.
Eta Giza Eskubideen ikuspegitik, uste dugu trans pertsonen despatologizazioan aurrera egiteak mundu bat sortzen laguntzen duela, non pertsona guztiek, beren genero-identitatea edozein dela ere, diskriminaziorik gabe eta aukera-berdintasunez bizi ahal izango duten. Despatologizazioa funtsezko urratsa da trans pertsonentzako berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan.