Hasierako mintzaldia, gogotik iradokitzailea, Ramon Andres Vianako Printzea Sariak eman zigun. Eta bertan azaldu zuen harentzat zer izan diren eta dira liburutegiak. Isiltasuna eta geldotasuna aipatu zituen bereziki, arrapaladan bizi garen gaur eguneko bizimoduan hain funtsezkoak direnak.
Besteak beste, Europako eta Espainiako politikak jorratu ziren, laborategien esperientziak liburutegien paradigma berria sortzeko, liburutegi hexagonalak, irakurketaren garrantzia herritartasun kritiko baterako eta, amaitzeko, Liburutegietako Lankidetza Kontseiluak «Herritarren parte-hartzea Espainiako liburutegi publikoetan» txostena aurkeztu zuen. Hona hemen esteka:
Aipatzekoa, eta gure aburuz interesgarrienetarikoa, Espainiako politiken mahai-ingurua izan zen, non hainbat arazo plazaratu eta eztabaidatu ziren. Tartean profesionalizazioaren afera, agenda politikoan liburutegiak benetan eragina izatearena, zeintzuk diren liburutegia liburutegi gisa onartzeko minimoak, hala nola, azpiegitura egokia, funtsa, liburuzaina eta irekitze-ordutegi finko bat, izan ere, horietarik bat izan ezean ez baitago liburutegirik.
Dena primeran joan da bai antolakuntza aldetik bai edukien kontuetan; baina hala eta guztiz ere, eta hobetzearren, aipatu beharrean gaude: euskararen tratamendua ez da egokia izan. Ez zaigu bidezkoa iruditzen inklusibitatea gora eta inklusibitatea behera aldarrikatu duen kongresu batean bertako hizkuntzari muzin egitea.
Hurrengo egunetan Kongresuko materiala jasoko bagenu helaraziko genizueke.