Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Etika Klusterraren Fundazioak ekitate-arbitrajea sustatuko dute

Nerea Melgosak eta José Ignacio Besgak hitzarmen bat sinatu dute, auzitegien lan-karga arintzeko, justiziari kalitatea emateko eta herritarrak gogobetetzeko.

Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta José Ignacio Besgak, Euskadiko Etika Klusterra Fundazioaren eta Azterlan Juridiko eta Sozialen Klusterraren presidenteak, hitzarmena sinatu dute gaur goizean Lakuan, ekitate-arbitrajea sustatzeko konpromisoa hartzeko.

Nerea Melgosak adierazi duenez, «kontua ez da soilik auzitegien lan-karga arintzea. Hitzarmena aplikatzean, herritarrek beren arazoak kudeatzeko biderik egokiena aurkitzeko aukera izango dute, kasu batzuetan bide judiziala soilik erabiliz eta, beste batzuetan, gatazkak konpontzeko bitarteko egokiak edo alternatiboak erabiliz, besteak beste, ekitate-arbitrajea. Horrek guztiak kalitatea emango dio Justiziari eta herritarrak asebeteko ditu «.

Bi erakundeek gatazkak konpontzeko sistemak eta bitartekoak sustatzearen alde egiten dute, prozesu judizialaren alternatiba edo osagarri gisa.

«Akordioari esker, ekitate-arbitrajea izan daiteke prozesu judizialaren ordezko gatazkak konpontzeko modu egokietako bat. Hori Euskadiko 2022-2028 Justizia Plan Estrategikoan xedatutakoaren barruan dago. Plan horrek eztabaidak konpontzeko bitarteko egokiak (MASC) eta justizia errestauratiboa bultzatzen ditu «, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Etika Klusterra irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta balio etikoak gizartean ezagutzen eta aplikatzen laguntzea du helburu. Bere helburuen artean dago gizartean arazoak konpontzeko laguntza ematea. Arbitraje-erakunde gisa, arbitraje-funtzioak betetzen ditu planteatzen zaizkion eztabaidak ekitatez ebazteko.

Arbitrajea mekanismo bat da, eta, horren bidez, aurrez aurre dauden alderdiek beren borondatez jartzen dute ebazpena hirugarren neutral baten esku, arbitroa edo arbitraje-elkargoa izan daitekeena. Arbitrajea zuzenbidezkoa edo ekitatezkoa izan daiteke. Arbitrajea ekitatezkoa denean, arbitroak kontzienteki erabakitzen du, zuzena eta ekitatiboa zer den leialki jakitearen eta ulertzearen arabera, legearen literaltasunak mugatu gabe.

Jokabide etikoak

Fundazioko presidente José Ignacio Besgak adierazi duenez, bere erakundeak «jokabide etikoak sustatzen ditu gizartearen esparru guztietan. Agindu etikoa onartzeak, errealitateaz arduratzeaz gain, izan behar duen moduaz arduratzea dakar berekin «, eta, horregatik, ekitate-arbitrajea administratzeko konpromisoa hartzen dute.

Horretarako, arbitraje-elkargo bat dute, balio etiko aitortuak dituzten eta beren esparruetan ospe profesional handia duten pertsonez osatua. Pertsona horiek beste pertsona edo erakunde batzuei gatazkak konpontzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Etika Klusterrak sinatutako hitzarmenaren bidez, ekitatearen eta ekitate-arbitrajearen balioa bultzatzen duten jardunaldiak edo kongresuak antolatzeko lankidetza-formulak aztertuko dira. Era berean, bi aldeek konpromisoa hartu dute «Euskal Autonomia Erkidegoko Etika Klusterrean dagoen doako ekitateko arbitraje-zerbitzu altruista zabaltzeko».