Euskal Trenbide Sareak hasiera eman die Zumaiako geltokia eraberritzeko lanei. Lanen helburu nagusia erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzea da, sarbideko azpiko pasabidearen ordez edukiera bikoiztuko duen eta nasetara igogailu eta eskailera finkoekin konektatuta egongo den beste bat eginez. Lehenengo asteetan ekipo teknikoek obrako etxolak instalatu, materialak eraman eta topografia-lanak egingo dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, 1.292.451 euro inbertituko ditu trenbideko instalazioak hobetzeko. Lanak 12 hilabeteko epean gauzatu beharko dira.
Gaur egun, erabiltzaileak Hegoalde eta Estazio kaleen arteko bidegurutzetik sartzen dira geltokira, nasekin arrapala eta eskailera finkoen bidez lotzen den azpiko pasabidetik. Zumaiako geltokiak 700 eta 2.500 erabiltzaile arteko trafikoa du egunean, batez beste.
2,4 metroko zabalerako egungo azpiko pasabidearen ordez 5,00 metroko beste bat egingo da. Horrela, nasekiko konexioa igogailuaren edo eskailera finkoen bidez egin ahal izango da. Igogailuek 8 pertsonentzako edukiera izango dute eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira.
Geltokiko zoladura osoa ere aldatu egingo da, baita nasen eta eskaileren arteko azpiko pasabidearen egungo alikatatua ere. Proiektuak argiteria aldatzea ere jasotzen du. Igogailuak instalatzeari esker, egungo arrapalak bete eta itxi ahal izango dira, eta baliogabetutako oinplanoko azalera arrapala gisa aprobetxatuko da, nasen azalera erabilgarria handitzeko.
Geltokiaren erreforma ETSk argitaratutako Euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian jasota dauden sareko puntu beltzen azterlanean antzemandako gomendioak kontuan hartuta diseinatu da.