Eneko Goiak iragarri du Ministroen Kontseiluak datorren astean onartuko duela Loiolako kuartelen salmenta
Legegintzaldi honetarako gobernu-programan 126 proiektu planteatzen ditu Donostiako Udalak, eta horietatik 26 proiektu estrategiko edo hirikoak dira. Etxebizitza berrien sorrera, mugikortasunaren eraldaketa eta klima-aldaketaren aurkako borroka dira akordio programatikoaren ardatz nagusiak, eta, gainera, auzoetan jarduteko eta hiriko kirol-instalazioak berritzeko beharra azpimarratzen du.
Eneko Goia Donostiako alkateak udal gobernu taldeak prestatu duen legegintzaldi programaren edukia azaldu du, «ezberdinen arteko akordioa, hiriak dituen erronkei aurre egiteko«.
Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran urtero egiten duen adierazpenean, Donostiako alkateak programak oinarri dituen bost konpromisoen berri eman du. Konpromiso horiek 69 helburu estrategikotan daude hedatuta, eta guztira 126 proiektu dira, horietatik 26 estrategikoak edo «hiri-proiektuak».
Agintaldirako lehentasunezko proiektuen artean, espazio publiko ireki eta irisgarri berriak sortzea nabarmendu du Goiak, arreta berezia jarriz AHTren geltoki berriaren estalkian parke bat sortzeari, Topoaren bideak lurperatu ondoren Easoko trenbideen gunean sortuko den espazioari, Okendoaldeko parke berriari Basque Culinary Centerren eraikin berriaren estalkiaren gainean edo Sagues gunearen definizioari.
Horrekin batera, Basque Culinary Center Fundazioak bultzatutako Gastronomy Open Ecosistem (GOe) eraikin berriaren proiektua defendatu du, «Donostiak gastronomiaren arloan munduko abangoardia izaten jarraitzeko egin duen apustua ordezkatzen duena«.
Udalak Anoetako Kirol Hiria berritzea ere finkatu du bere helburu nagusien artean. Horrela, Illunbe Gipuzkoako erabilera anitzeko pabiloi nagusi bihurtzea da lehentasuna, miniestadioa, belodromoa, Josean Gasca kiroldegia edo Atano III.a pilotalekua berritzeaz gain.
Etxebizitza eta hiri-mugikortasuna
Etxebizitza sortzeari eta hirigintzari dagokionez, Goiak elementu nagusitzat jarri du Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria idaztea, eta hainbat helburu ezarri ditu etxebizitza berriak eraikitzeko. Horrela, legegintzaldiaren amaierarako, udal gobernuak Lorategi Hirian, Txominenean, Infernuan, Illarran, Igaran, Añorgan edo Martutenen 1.900 etxebizitza eraikitzen hasteko helburua du. Eta epe luzeagorako, Loiolako kuarteletako lursailak sartzeak aukera emango du kopuru hori 6.000 etxebizitza berriraino igotzeko, 2033ko denbora-epearekin. Gainera, Easo, Jolastokieta, Antzita, Sarrueta eta Martuteneko trenbideen zoru-eremuan aurreikusitako garapenak gehituko dira.
Loiolako kuarteletako lursailak Urumeako ibarrean zehar hiria hedatzeari eranstea funtsezko elementua da, alkatearen arabera. Ildo horretan, Goiak iragarri du Espainiako Gobernuak datorren astean onartuko duela lurzoruak saltzeko akordioa, eta horrek argi berdea emango diola Donostiako Udalak lurzoruak salerosteari. Eragiketa 73 milioi eurokoa izango da, eta hogei hektarea lur erosi ahal izango ditu, etxebizitza, ekipamendu eta berdegune berriak eraikitzeko.
Mugikortasunaren eskemaren eraldaketari dagokionez, Eneko Goiak adierazi du legegintzaldi honetan egingo diren Topoaren obren amaierak mugikortasunaren paradigma aldatuko duela, «gaur egun garraio publikoak ordezkatzen duen pisua nabarmen hazteko«. Ziurtatu duenez, Legeak markatutako emisio gutxiko eremu baten ezarpena «zentzuz, pixkanaka eta egoera traumatikorik sortu gabe» egingo da, eta, horretarako, Udala lanean ari da datorren urtean ezartzeko. Horrez gain, dBusen elektrifikazio-prozesua eta dBizi bizikleta publikoaren sistema inguruko udalerrietara hedatuz «metropoliko» sistema bihurtzea aipatu ditu.
Alkateak, gainera, 2024an ospatuko den Chillida Urtea aipatu du, eskultore donostiarraren jaiotzaren mendeurrenarekin batera. Horretarako, Haizearen Orraziaren birmoldaketa integrala finkatu du, eta horretarako Espainiako Gobernuko Kosten Zuzendaritzaren baimena behar da, oraindik iritsi ez dena. Horrekin batera, Udal Gobernuak Donostiak zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa duen posizioa sendotzearen aldeko apustua egin du, eta, horretarako, Miramongo Parke Teknologikoa zabaltzea bezalako jarduerak bultzatuko ditu. Hala, alkateak iragarri du lanean ari direla Illunbe parke teknologikoaren zati gisa integratzeko, eta, aldi berean, Kutxa Fundazioarekin negoziatzen ari direla parkea Galarretara zabaltzeko.