- Segurtasun Sailak prestatu duen plan globalean jasotako neurrietako bat da, eta, horrez gainera, barne hartzen ditu emakumeen kontrako indarkeria-kasuen jarraipena egiteko taldeak indartzea, ziberkrimenaren ikerketan espezializatutako polizia-unitate berri bat sortzea edo plantillak birbanatzea lan-karga arrazionalizatzeko
- 2024an deituko dira espezialitate honetako barne-sustapenerako beste ikastaro batzuk, eta LEP berri bat, ikerketa kriminaleko taldeetara zuzenean sartzeko plazak bilduko dituena
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Eusko Legebiltzarraren aurrera agertu da gaur, eta jakitera eman du Segurtasun Sailak plan global bat prestatu duela Ertzaintzako ikerketa kriminaleko taldeen egoera hobetzeko, espezialitate horrek une hauetan lan-karga handia eta agente gutxiegi baititu.
Plan horren esparruan, Josu Erkorekak jakitera eman du Jaurlaritzak Ertzaintzan ordezkaritza duten lau sindikatuak deituko dituela kolektibo horren lan-baldintzak hobetuko dituzten neurrien multzo bat negoziatzeko, espezialitatea erakargarriagoa izan dadin.
Plantilla birbanatzea
Aldi berean, Ertzaintzak zehatz-mehatz aztertzen ari da ikerketa kriminalaren espezialitateko plantillaren egungo egoera. Analisi horren helburua izaten ari da diagnostiko bat egitea lanpostuen zerrendan aldaketak egiteko, agente-kopurua ertzain-etxeetako lan-kargaren arabera birbanatzeko helburuarekin.
Azterketa horrek, besteak beste, esleitutako zereginen konplexutasuna eta aniztasuna baloratu ditu, lan-kargak arinduko dituen barneko banaketa arrazionalago bat proposatzeko, une hauetan banaketa hori asimetrikoa baita. Horrek ikerketaren arloko lanaren kalitatea hobetzeko eta talentua fidelizatzeko aukera emango du.
Azterlanak aditzera ematen ari denez, lan-karga handiena duten ertzain-etxeak Bilbokoa, Gasteizkoa, Donostiakoa eta Irungoa dira.
Ziberkriminalitaren ikerketa
Bestalde, Josu Erkorekak jakitera eman du ziberdelituen ikerketa kriminalean espezializatutako unitate bat sortuko dela, esparru horretan salaketak modu esponentzialean ari baitira gora egiten. Aurtengo hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, sarean egindako delituen 19.464 salaketa jarri dira eta aurrez aurreko delituen 58.512, eta jada, beraz, salaketa guztien % 25 dira (77.976 salaketa urtarrilaren 1etik irailaren 30era). Horrek esan nahi du une hauetan Euskadin egiten diren 4 delitutatik bat direla.
2023ko aldi berarekin alderatuz gero, ziberkriminalitatearen esparruan jarritako salaketek % 34,8 egin dute gora. Espezializatutako unitate hau 24h/365 egunean lan egingo du, eta horrek, besteak beste, kasuen ikerketa-taldeen egungo lan-karga arintzeko aukera emango du.
Indarkeria matxista
Gainera, adierazi du Ertzaintza lantzen ari den Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoan jada jasota dagoela kasuez arduratzen diren talde espezifikoak indartzea, talde horiek ere ikerketa-espezialitatekoak izanik, eta bi zentzutan:
- Lanpostuen Zerrendan lanpostuak gehitzea. Berez, bihar, asteartea, argitaratuko da EHAAn emakumeen kontrako indarkeria-kasuen jarraipena egiten duten langileen plazak gehitzeko agindua. Une hauetan 71 agentek kontrolatzen dituzte emakumeen kontrako indarkeria-kasuen 5.370 espediente. Bihar argitaratuko den LPZren aldaketarekin, plantilla hori % 40an gehituko da eta 100 izatera pasatuko dira. Langile-gehikuntza horrek batez beste ekarriko du agente bakoitzaren lan-karga % 30 murriztea: agenteko batez beste 75,6 kasu izatetik 53,7 izatera.
- Ordutegia luzatzea, pixkanaka 24h/365 eguneko taldeak bihurtzeko.
Beste neurri batzuk
Azkenik, plan integral horrek beste hainbat neurri ere jasotzen ditu, besteak beste hauek:
- Ikerketa kriminalaren espezialitateko plaza-kopurua bikoiztea une hauetan abian den LEPen: 50 plazatik 95era igarotzea.
- Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2024an ikerketa kriminalaren arloko espezializazio-ikastaro gehiago deituko ditu plantillaren barne-sustapenerako.
- Segurtasun Sailak 2024an deituko duen hurrengo LEPek plaza espezifikoak ere barne hartuko ditu jada ikerketa kriminaleko espezialitatea duten Ertzaintzako agenteak sar daitezen.