Aitortu du udalerriek funtsezko zeregina dutela enpleguan, eta aurreratu du lege berriak finantzaketa bermatuko diela
Idoia Mendia Lehendakariordearen ustez, Euskadiko udalerriak «funtsezko pieza» dira enplegu-politiketan, eta zeregin hori are garrantzitsuagoa izango da laster Enpleguari buruzko Lege berria onartu ondoren, lege horrek, gainera, finantzaketa bermatuko baitie. Era berean, aurreratu du enplegu-politika aktiboek, «jendearen bizitzan eragiten dutenek», inoiz baino baliabide gehiago izango dituztela 2024ko aurrekontuetan, 300 milioi euro baino gehiago.
Mendiak Bilboko enplegu-planen aurkezpenean parte hartu du gaur. Hiriburuko alkate Juan Mari Aburtok ere parte hartu du ekitaldi horretan, eta Lanbide – Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan langabeei zuzenduta abian jarriko diren ekintzak zehaztu dira, arreta berezia jarriz emakumeei, gazteei eta kolektibo kalteberenei.
Legealdi honetan laugarren aldiz, Lehendakariordeak «kontuak eman» nahi izan ditu urte konplexu batzuen ondoren. Urte horietan «Jaurlaritzaren maila guztietatik enplegua eta enpresak babestu ditugu, aurreko krisialdietan erabilitakoez bestelako erantzun publikoak bilatu ditugu, eta aliatu egin gara gizarte-eragileekin eta aurkari politikoekin, aurrera ateratzeko». Politika «pertsonen eta aurrerapen ekonomikoaren zerbitzura» jartzea da kontua.
Ildo horretan, adierazi du gaur aurkeztu diren enplegu-planak aldatuz eta zabalduz joan direla, eta gogorarazi du legegintzaldi honetan abian jarritako proiektu berritzaileek eta ibilbide mistoek, Bilboko Udalak modu aktiboan eta arrakastatsuan parte hartu dutenek, «aukera bat eskaintzeaz gain, enplegutik urruntzen zituzten beste oztopo sozial batzuk eraisteko balio izan dutela».
Udalentzako berariazko funtsa
Horregatik, eta «enplegu-planak aukerarik ematen ez zaien pertsona askorentzako lehen atea direlako», Lehendakariordeak azpimarratu nahi izan du udalek arlo horretan duten garrantzia, eta zeregin hori are garrantzitsuagoa izango da Enpleguari buruzko Lege berria onartzen denean, «zuen jarduerak hobeto planifikatzeko aukera emango dizuelako, eta funts espezifiko baten bidezko finantzaketa bermatuko dizuelako». Horri dagokionez, iragarri du 2024ko aurrekontuak izango direla historiako baliabide gehien izango dituztenak, 300 milioi euro baino gehiago bideratuko baitira enplegu-politika aktiboetara, politika zuzenetara, jendearen bizitzan eragiten dutenetara «.
Mendiak azpimarratu duenez, datozen asteetan onartuko den Lege berriak herritartasun-eskubideak zabalduko ditu, pertsona guztiek, langabeek eta landunek, Lanbideren laguntza pertsonala bermatuta izango dutelako, eta enplegu bat lortzea edo prestakuntza handiagoa duen enplegu hobe bat lortzea ez delako bakoitzaren poltsikoaren mende egongo. Gainera, arlo publikoa indartuko du, Lanbideren zerbitzua, «publikotik soilik bermatzen direlako eskubideak», eta hobeto antolatuko ditu «arlo horretan jarduten dugun eragile instituzional, sozial eta ekonomiko guztiak, eraginkorragoak izateko, berezitasun gehigarri batekin, paper indartuarekin eta udalei egokitutako finantza-baliabideekin».