Osakidetzako Santa Marina ospitalearen “Autozaintza digitalerako bidean: gaixotasun kronikoak dituzten pazienteei baliabide digitalak agintzea” ekimenak “Osasun digitaleko 2023ko saririk onena” jaso du; saria New Medical Economics aldizkari ezagunak ematen du.
Ospitalearen proiektu hori “bottom up” ekimen batean oinarrituta sortu zen; QR kodeen bidez autozaintzari buruzko informaziorako bideo-pilula batzuk ematera bideratzen da, eta haren helburua da pazienteak eta haien zaintzaileak ahalduntzeko bide ematea.
Proiektua une hauetan erabat ezarrita dago Santa Marinan, eta erizaintzako langileek prestatutako informazio-dokumentu batzuetan datza; QR teknologiaren bidez, Osakidetzaren Osasun Eskolaren prestakuntza-bideo batzuetara bideratzen zaitu: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasuna-eta-bizitza-osasuntsuaren-zure-ataria/webosk00-oskenf/eu/. Banan-banan agintzen da, eta pazientearen edo, hala badagokio, zaintzailearen beharraren eta/edo patologiaren arabera pertsonalizatuta dago. Hala, modu erraz batean, telefono mugikor batekin QR kodea eskaneatuz, zaintzaileek prestakuntzako bideo-pilula batzuetara jo dezakete, etxeko zaintza errazteko.
Oraingoz, hamaika dokumentu daude, zaintzako honako behar hauei erantzuteko:
- Presioagatiko lesioak prebenitzea oheratuta daudenentzat.
- Oheratutako pazienteen zaintzak.
- Gernu-zundaren zaintzak eta garbiketa.
- Ostomien zaintzak.
- Gurpil-aulkia behar duten pazienteen zaintzak.
- Eskorga behar duten pazienteen zaintzak.
- Noraezean dabiltzan pertsonen erortzeak prebenitzea.
- Hemiplegia duten pertsonen zaintzak eta aholkuak.
- Disfagia duten pertsonen zaintzak eta aholkuak.
- IKTUSa duten pazienteen zaintzak.
- Intsulinak emateko gomendioak.
Dokumentazio hori, gainera, IEXPAC-Zaintzaileak (Paziente Kronikoaren Zaintzaileen esperientzia Ebaluatzeko Tresna) inkestarekin lotuta dago, beste QR kode baten bidez, eta aukera ematen du baliabide horren erabilgarritasuna ezagutzeko eta hobekuntzak denbora errealean ezartzeko.
New Medical Economics sariak urtero deitzen dira, Biomedikuntzaren eta Osasun Zientzien garapenean ekarpen esanguratsua egin duten eta ikerketako, kudeaketako eta pazientearen esperientziako jarduera berritzailea duten osasun-arloko profesionalak, konpainiak, administrazioak eta entitateak ezagutzeko.
New Medical Economics sariak 18 kategoriak eratzen dituzte. Kategoriako 5 finalista hautatu ondoren, bozketa bidez aukeratzen dute irakurleek eta Zuzendaritza Kontseiluak, zeina osasun-arlo guztietako aditu ezagunek eratzen baitute.
Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 28an izango da, 17:00etan, Madrilgo San Carlos Unibertsitate Ospitale Klinikoko entzungelan; bertan izango dira administrazioaren eta osasunaren arloetako mundu-mailako agintari eta profesional esanguratsuak.