Nerea Melgosa: «Enpresen eta erakundeen esparru batzuetan «zorionez» emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna bere lekua hartzen ari da»

 

  • “Aukera-berdintasuna finkatzeko bide horretan, eta beti kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren eskutik, oraindik badugu zer lortu”
  • AMPEAk Arabako Emakumeen Talentuaren IV. Sariak banatu ditu
  • Sara Ortiz´en (CIC energiGUNE), María Arroyo´ren (Rooster Capital), Azucena Hernández´en (Eurocybcar) eta Rosa Hernández´en (UPV/EHU) ibilbideak aitortu dira

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, “enpresen eta erakundeen esparru batzuetan, zorionez, motel bada ere, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna bere lekua hartzen ari da. Aukera-berdintasuna finkatzeko bide horretan, eta beti kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren eskutik, denok oraindik badugu zer lortu”.

Melgosak AMPEA  – Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak Emakumeen Talentuaren IV. Sariak banatzeko gaur, osteguna, egin duen ekitaldian esku hartu du. Sari horiek Araban erreferenteak diren emakume liderren talentua eta bikaintasun profesionala aitortzen dituzte, beren ibilbideagatik, ikuspegi estrategikoagatik, berrikuntzarako gaitasunagatik eta lidergo eraldatzaileagatik.

Aurtengo saridunak izan dira Sara Ortiz (Emakume zuzendaria), María Arroyo (Emakume ekintzailea), Azucena Hernández (Emakume enpresaburua) eta Rosa Hernández (Emakumea eta Zientzia). Ekitaldian Toñi Pavón AMPEAko presidenteordeak, Miren Bilbao idazkari nagusiak, Rocío Bravo diruzainak eta Idoia Aguillo eta Itziar Paunero batzordekideek ere parte hartu dute. Nerea Melgosak, Ramiro Gonzálezek eta Maider Etxebarriak eman dituzte sariak Andrés Goñi kazetariak aurkeztu duen galan.

“Euskadiko eta Arabako emakumearen talentuari nik beste hainbat balio ere erantsiko nizkioke: lana, jarraikitasuna, prestakuntza, erreferentzia, bizitza-eredua, berdintasuna sustatzea, ekimena hartzea edo saiatua izatea… batzuk aipatzearren”, adierazi du sailburuak.

Nerea Melgosak honako ere hau ekarri du gogora: “Paloma Manzanosek eta Francisca Vivesek emakume gasteiztarrari buruzko euren liburuan adierazten zuten emakumeen historia zerbait aparta, ezberdina eta osotasunarekiko bereizia bailitzan planteatze hutsa okerra eta sinplista dela. Emakumearen historia gizadiaren historia ere bada, eta horren bitartez du zentzu osoa”.

“Gaur arreta jartzen dugu Arabako emakumearen eginkizun femenino horretan, historia zehatzean, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, zorionez, eta motel bada ere, bere lekua hartzen ari den enpresaren eta erakundeen esparru ezberdinetan. Berriro diot: aukera-berdintasuna finkatzeko bide horretan, eta beti kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren eskutik, denok oraindik badugu zer lortu”, azpimarratu du Melgosa sailburuak.

“Sara Ortíz –Emakume zuzendaria 2023–, María Arroyo –Emakume ekintzailea 2023–, Azucena Hernández –Emakume enpresaburua 2023– eta Rosa Hernández, –Emakumea eta Zientzia 2023–, behar bezala egindako bide nekezaren osteko etorkizunaren adibide argiak dira. Ampea elkarteak eta elkarteko ebaluazio-batzordeak oso ongi aukeratu dituzte gaur saria jaso duten emakumeak. Ziur nago bai emakume horientzat bai gaur hemen gauden guztiontzat, eredu izate hori berdintasunaren gizarte amestu hori lortzeko bultzada sendoa izango dela”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren, BIC Arabaren, Arabako Merkataritza Ganberaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ordezkariek osatutako epaimahaiak azpimarratu ditu “saridunen ibilbide profesionala eta Arabaren garapenean eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen izan duten inplikazioa, bai eta gizarte hobea eta berdintasunezkoa izatearen alde hartutako konpromisoa eta egindako ekarpena ere”. Ekitaldia Euskadiko hiriburuko Europa Biltzar Jauregian egin da enpresaren, politikaren eta gizartearen mundiko ordezkarien aurrean.

Lau emakume

 Emakume zuzendaria 2023 saria Sara Ortizek jaso du. Sara Ortiz energia biltegiratzeko teknologietan espezializatuta dagoen eta egoitza Arabako Parke Teknologikoan duen CIC energiGUNE ikerketa-zentroaren zuzendaria da. Zentro honen helburu nagusia energia termikoa eta elektrokimikoa biltegiratzeko teknologien eta hidrogenoaren teknologien berrikuntza eta garapena sustatzea da.

Emakume ekintzailea 2023 izendatu den María Arroyo Rooster Capital enpresaren sortzailea da. 2022an sortu zen enpresa honek aholkularitza zientifiko-teknikoa eta I+G+b arloko kudeaketa estrategikoa (laguntza publikoak, zerga-kenkariak, PI aktiboen kudeaketa eta tramitazioa (patenteak, markak, baliagarritasun-modeloak)) eskaintzen ditu, besteak beste. Gaur egun, Radar Ventures eta Double Helix Venture Capital inbertsio-funtsen aholkulari teknologikoa da Rooster Capital, eta bezeroen artean enpresa bioteknologikoak eta startupak ditu.

Azucena Hernández, Emakume enpresaburua 2023, Eurocybcar eta Grupo Cybentia enpresen sortzailea eta CEOa da, eta ibilgailuen zibersegurtasunarekin eta ibilgailu-floten sistemekin zerikusia duten arriskuak identifikatzen, ebaluatzen eta prebenitzen dituen mundu mailako lehenengo testa asmatu du konpainiak.  Bestalde, zibersegurtasunean eta automozioan espezializatutako lehenengo hedabide digitala, HackerCar izenekoa, ere garatu du, bai eta automozioari/ibilgailuen-flotei aplikatutako zibersegurtasunean adituak prestatzeko lehenengo ikastaro espezializatuak ere. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Informazio Zientzietan lizentziaduna den emakume honek 30 urtetik gorako esperientzia du mundu osoko zirkuitu eta errepideetan ibilgailuak eta sistema teknologikoak probatzen. Gainera, enpresa-proiektuak sortu eta zuzendu ditu motorraren sektorean liderrak diren argitalpenekin, eta Car&Driver, El Mundo del Automóvil edo Autofácil dira horietako batzuk.

Emakumea eta Zientzia 2023 Rosa Hernándezek jaso du. Farmazian eta Teknologia farmazeutikoan UPV/EHUko katedraduna da 2009tik, Farmazian doktorea da Salamancako Unibertsitatean eta espezialista da Farmazia Industrial eta Galenikoan (2000) eta Botiken eta Drogen Analisi eta Kontrolean (2002). Rosa Hernándezek ibilbide luzea du ikerketaren arloan, aldizkarietan argitaratuta dituen 200 bat artikulu zientifikok eta patente ugarik erakusten duten moduan. Bere ikerketaren ardatz nagusiak Medikuntza Birsortzailea eta Nanoteknologia dira. Emakumezko ikertzaile gazteen formakuntzarekin konprometituta dago, 23 doktorego-tesi zuzendu ditu eta ikerketa-proiektu askotan parte hartu du, horietako askotan ikertzaile nagusi gisa.