eLankidetzak emakumeak zuzendutako enpresak sustatzeko programa babestuko du Burkina Fason

Gobernu Kontseiluak 195.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du Oxfam Intermon Fundazioari zuzenduta. Laguntza horiei esker, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailekoa, enpresa-garapena helburu duen programa aitzindari bat babestuko du Burkina Fason.

Proiektuaren xedea da emakumeak buru dituzten enpresa txikiei laguntzea, batez ere landa-eremukoei, kalitate handiko laguntza teknikoa eta kreditua eskuratu dezaten. Horretarako, ekimena garatu duten herrialdeetako merkataritza-bankuetan berme sistema bat abian jarriko dute.

Ekimenak balioko du eLankidetzak finantza-lankidetzarako tresna bat aztertzeko esperientzia eta eredu gisa har dezan. Helburua da Afrikako herrialdean genero-ikuspegia duten eta inpaktua duten enpresak sortzeko eta modu iraunkorrean hazteko ekosistema egoki baten garapena sustatzea.