Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 966,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2024. urtean, Iñaki Arriola sailburuak astearte honetan Legebiltzarrean aurkeztutako proiektuaren arabera. Kopuru hori joan den urteko proiektukoa baino % 25,8 handiagoa da. Igoera hori gobernu zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (gazteleraz, PRTR) bitartez bideratutako EBko Next Generation funtsei esker gertatu da neurri handian.
Sailburuordetzaren hamar eurotik zortzi hiri-berroneratze integralera bideratuko dira, eta guztira 37,8 milioi euro izango dira (zazpi milioi euro Next Generation funtsetatik iritsiko dira). Legegintzaldi honetan, 21 udalerritan egingo dira esku-hartzeak (bostetan egin ziren aurrekoan), eta jarduketak 24 izango dira guztira.
Etxebizitzaren arloko ardatz estrategikoak honako hauek izango dira:
1. Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa (EES) bermatzeko tresnak sendotzea.
2. Alokairu eskuragarriko etxebizitzen kopurua handitzea.
3. Klima-aldaketaren aurrean parke eraikiaren prestaketa hobetzea: urtean etxebizitzen % 2,5 birgaituta egoteko eta 2030ean ratio hori % 3ra igotzeko helburuarekin, Sailak bideratuko dituen baliabideak 2023an bideratu zirenak baino % 24 gehiago izango dira, eta aurrekontu arrunteko 44,3 milioi euro izango dira guztira. Baliabide horien xedeak honako hauek izango dira, besteak beste: 4.500 eraikinetan —35.000 etxebizitzatan— birgaitzeak bultzatzea, 3.500 etxebizitzaren irisgarritasuna hobetzea (adibidez, 500 igogailu instalatuko dira) eta bizigarritasuna eta segurtasuna bultzatzea.
Hirugarren atal horretan, jarduera-mota horretarako deialdia egin zen, baina PRTRn txertatuta eta, beraz, Next funtsak lortzeko berariaz diseinatuta. Eskariari erantzuteko eta, beraz, deialdi zehatz honen zuzkidura osatzeko, 80 milioi euro izango dira (20 Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari dagozkio eta 60 Eusko Jaurlaritzari berari).