Melgosak familien zaintzaileen estatutua bultzatzearen alde egin du, «haien eskubideak sistematizatu, zehaztu eta zabaltzeko»

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Zainketen aldeko Euskal Itun Sozial baterantz urratsak emateko ardatzetako batzuk proposatu ditu gaur goizean. Itun horrek konpromiso eta aliantza espezifikoak izango ditu, eta hauek 2030eko hamarkada helburu izango duten «zaintza-eredua eraldatzea» bultzatuko dute.

Ardatz horien artean dago familien zaintzaileen estatutu bat egitea, «haien eskubideak sistematizatu, zehaztu eta zabalduko dituena, emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunean eraginez». Zentzu horretan, zaintzaileei laguntzeko neurriak garatzearen alde egin du, zaintzen dituzten pertsonek zaintzak jasotzeko eskubidea barne, «zaintza benetan aukera bat izan dadin ahalbidetzeko».

Melgosak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman gastua etengabe handitzea proposatu du, gastu-maila diru-sarreretara egokituz; halaber, erantzukizun publikoko zaintzak familiakoekin alderatuta pisu handiagoa izatea ere proposatu du. Era berean, komunitatean lehen eta bigarren mailako arreta indartzeaz eta egoitza-arretak gastu arrunt publikoan duen garrantzia murrizteaz ere aritu da.

«Egoitza-zentroen eraldaketa, arreta- eta antolaketa-ereduetan berrikuntzak eginez, etxe eta komunitate gisa ulertuz, elkarbizitzarako beste aukera kolektibo eta komunitario batzuk bezala» da sailburuak aipatutako beste ardatzetako bat.

Bere ustez, beharrezkoa da «zaintza-premia eta -egoeretara egokituko den, eta egoera desegokiak prebenitu, detektatu eta jorratuko dituen» zaintza-politika sistemikoa, prebentiboa eta inklusiboa bultzatzea.

Sailburuak ere aipatu ditu «zaintza-eredua eraldatzen duten proiektu pilotuen garapena, ebaluazioa eta eskalatzea», eta «prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretuaren ebaluazioa eta ondorengo eguneratzea».

Azaldu duen beste ardatzetako bat haurren eta familien politikak, eta migrazioen politikak bultzatzea da, genero-ikuspegiarekin eta ikuspegi intersekzionalarekin bat etorriz. Ildo horretan, beharrezkotzat jo du erantzunkidetasuna eta gizon gehiago inplikatzea zaintzan bultzatzea, intentsitate handiagoarekin. Halaber, kontziliazio erantzunkidea sustatzeko beharra ere azpimarratu du, enpresekin lankidetzan.

Prozesu horretan, Melgosak azpimarratu duenez, lehen urratsa «zaintza-politikak berdintasun-politika gisa diseinatzea da, eta egungo zaintza-ereduen eta -politiken eragina ebaluatzea, generoa eta beste intersekzio batzuk kontuan hartuta, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik hasita».

Biltzarra

Melgosak adierazpen horiek egin ditu Zainketei buruz atzo eta gaur Tabakaleran (Donostia) egin den «Zainketen euskal itunerantz aurrera egitea» izeneko Eusko Jaurlaritzak sustatu duen lehen biltzarrean. «Zainketa eskubideekin, askatasunean eta berdintasunean zaindu. Zainketei buruz Euskadin akordioa lortzeko oinarriak” izenburua daraman ponentzia batean, sailburuak Zainketen aldeko Euskal Itun Soziala sustatzeko Jaurlaritzaren ikuspegia azaldu du.

Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zuen bezala, Jaurlaritzak bide horri ekin dio Elkarrizketa Sozialerako Mahaian sindikatuekin eta patronalarekin herrialde-ituna osatzeko oinarrien akordio batekin; eta orain Elkarrizketa Zibilerako Mahaian jorratuko da —Hirugarren Sektoreko sareekin—, baita Emakunderen Aholku Batzordean ere.

Bi egun hauetan, biltzarrak hausnarketarako eta eztabaidarako guneak eskaini ditu, zaintza-eredu berri baterantz nola egin jakiteko, lidergo publiko batetik eta arreta komunitario batetik abiatuta.