UPV/EHUren Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea ikasgelak: konexioak ugaritzeko 44 proiektu

  • UPV/EHUk, gaur egun, 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgela ditu; gizartearekin lankidetza-harremanak estutzea eta ezagutzaren transferentzia dute helburu ikasgela hauek
  • Hezkuntza Sailaren Unibertsitatea+Enpresa II. Estrategiaren lehentasunezko hamar ekintzen esparruko jarduketa bat dira

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuarekin batera, “44 proiektu, konexioak ugaritzeko” ekitaldian parte hartu du gaur goizean Bilbon. Bertan, UPV/EHUren 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgelak aurkeztu dira, unibertsitate publikoaren eta gela horiek babesten dituzten erakunde laguntzaileen arteko lankidetzatik sortutako gelak. Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgelak «Unibertsitate+Enpresa lankidetza-testuinguruak indartzea eta sustatzea» ekintzaren barruan kokatzen dira. Hori da Hezkuntza Sailak bultzatutako Unibertsitatea+Enpresa II. Estrategian (2022-2026) jasotako lehentasunezko hamar ekintzetako bat. Unibertsitatearen eta enpresen (edo gizarte-erakundeen) arteko lankidetza-harremanak estutzea eta ezagutzaren transferentzia indartzea dute helburu ikasgela hauek.

Bilboko Bizkaia Aretoan gaur goizean egin den ekitaldian, Lehendakariak bertatik bertara eta sakon ezagutu ditu gaur egun UPV/EHUn jardunean dauden 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgeletatik bost, bai eta bertako esperientziak eta prestakuntza-jarduera ere. Hauek izan dira:

  • CABB/BBUP Uraren Ikasgela: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin lankidetzan sortua, Bilboko Ingeniaritza Eskolan garatzen du jarduera.
  • Espazio Ikasgela: Bilboko Ingeniaritza Eskolan dago eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan sortu zen.
  • Multiverse Computing Ikasgela: Informatika Fakultatean (Donostia) kokatua, Multiverse Computing enpresarekin lankidetzan garatzen du jarduera.
  • Michelin Industry 4.0 Ikasgela, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarena, Michelin enpresarekin lankidetzan.
  • CAF Ikasgela: Bilboko Ingeniaritza Eskolan kokatua, CAF enpresarekin lankidetzan sortutako prestakuntza-gunea da.

UPV/EHUko Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgelen sarea sustatzeko eta indartzeko ekintza hau Hezkuntza Sailak finantzatzen du, izen bereko (Unibertsitate-Enpresa-Gizartea) programa-kontratuaren bidez. Guztira, 335.000 euro izan dira 2023an; kopuru hori 1.474.300 eurora iristen da 2023-2026 aldia kontuan hartzen badugu.

Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelak

Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgelak tresna egokiak dira ezagutzaren transferentzia sustatzeko, betiere prestakuntzarekin loturan, gela horietan prestatzen diren ikasleek zuzenean ezagutu dezaten gerora lan-bizitzara igarotzean aurkituko duten errealitatea. Unibertsitatearen eta ikasgelak babesten dituzten enpresa edo erakunde laguntzaileen arteko lan-eremu partekatuak dira. Ikerketa, irakaskuntza, ezagutzaren transferentzia, prestakuntza kualifikatua eta dibulgazio zientifikoa bultzatzen dituzte. Alde batetik, ikasleen heziketa eta bikaintasuneko profesionalen prestakuntza bultzatzen dute, eta, bestetik, ezagutza enpresetara, zentro teknologikoetara eta, oro har, gizartera transferitzea.

Unibertsitateko irakasleen eta erakunde laguntzaileko profesionalen babespean, ikasleek gela bakoitzaren helburuei lotutako enpresa-erronkei eta arazoei aurre egiten diete, eta emaitzak Gradu Amaierako Lanetan, Master Amaierako Lanetan eta Tesi Industrialetan islatzen dira.

Lehen urteetan abian jarri ziren Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgelak enpresa eta industria-sektoreetan sortu baziren ere, azken urteotan lankidetza hori beste gizarte-eragile batzuetara zabaltzeko apustua ari da egiten, ikasgelak Hirugarren Sektore Soziala izenekora zabalduz.

Gaur egun, UPV/EHUk 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte ikasgela ditu, ezagutzaren hainbat arlorekin lotutako zentro eta fakultateetan, hala nola Zientzia eta Teknologia, Arkitektura, Ekonomia eta Enpresa, Hezkuntza, Erizaintza, Medikuntza, Farmazia, Informatika edo Ingeniaritza, besteak beste.