Abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra
Gabonak zuretzat 2023Gabonak zuretzat programa, beste behin ere, Donostiara iritsi da. Aurten, abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra 4000 jarduera baino gehiago eskainiko ditu haurrentzat, familientzat eta gazteentzat. Hala, hiritarrek eskaintza zabala izango dute Gabonetan: besteak beste, hainbat tailer, magia ikuskizun edota antzezlan. Donostia Gazteriak egitaraua diseinatu du hiriko hainbat elkarte, aisialdi talde, Donostia Kultura eta bestelako eragilerekin elkarlanean.
Azken batean, kontsumismoari iskin egiten dion kulturaz eta aisiaz disfrutatzeko ekintza mordoa izango dira hiriko hainbat auzotan.
Irudiari dagokionez, programaren aurtengo identitate grafikoa Usandizaga Ikastetxeko Diseinu Grafiko Goi mailako Heziketa Zikloaren eta Donostia Gazteriaren arteko elkarlanari esker sortutakoa da.
Diseinu Zikloko 1. mailako ikasleek 15 lan proposatu dituzte. Proposatutako diseinuen artean Maria Nuñezek egindakoa izan da hautatua. Irudiak programa iragarriko du euskarri desberdinetan, sare sozialetan, Donostiako autobusetako markesinetan, Dbuseko pantailan, flyerretan etab, abenduaren 12tik aurrera.