Iñigo Urkullu Lehendakariak: “Euskal Komunitate sare zabala, sendoa eta indartsua dugu; aldaketa eta ziurgabetasun garaiak bizi ditugu, horien aurrean, behar bezala erantzuten asmatu behar dugu Aberria guztion artean eraikitzen, indartzen eta zabaltzen jarrai dezagun, gaur egiten dugun guztia etorkizuneko Euskadirentzat emankorra izango baita”
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak lagunduta, Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII. Batzarraren irekiera ekitaldian izan da. Bertan izan dira, baita ere, Jokin Bildarratz eta Bingen Zupiria sailburuak.
Lehendakariak bere hitzaldia hasi du amankomunean duguna azpimarratzen “herria partekatzen dugu, aberria partekatzen dugu” esan du. Lau urte igaro dira azken Mundu Batzarra egin zenetik, geroztik, gertaera ugari izan dira eta horien guztien aurrean, Euskal Komunitateak “saregintzan” jarraitu du eta “Euskal Komunitate sareak erakutsi du sare zabala, sendoa eta indartsua dugula” baieztatu du Lehendakariak, “Euskal Komunitateak jarraitu du sare berriak ehuntzen eta zabaltzen, katea ez da eten” ziurtatu du Lehendakariak.
“ERALDAROA” da aurtengo ediziorako aukeratu den leloa, honekin “bizi dugun eraldaketa-prozesua nabarmentzen dugu” esan du Urkulluk. “Aldaketa eta ziurgabetasun garaiak bizi ditugu. Bilakaera azkarreko garaiak, eta horiei behar bezala erantzuten asmatu behar dugu” azpimarratu du Lehendakariak eta zentzu horretan azken lau urteetan egindako urrats garrantzitsuak nabarmendu ditu: Kanpoko Euskal Komunitatearen lege-proiektu berriaren idazketa; Han-Hemen dinamika, euskal migrazio berriaren errealitatea eta haren beharrak aztertzea helburu duena; mundu akademikoa hausnartzen ari da Euskal Diasporaren Graduondokoan, jada gaur bere hirugarren edizioan eta Munduko Diasporei buruzko nazioarteko hausnarketa-foroetan parte hartzen ari da Euskadi.
“Hau da saregintzan aritzea eta bizi dugun eraldaroan aktiboki parte hartzea” esan du Lehendakariak. Amaitzeko Urkulluk, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren hitzak gogora ekarri ditu “gaur egiten dugun guztia etorkizuneko Euskadirentzat emankorra izango da; bideari jarraipena eman diogu eta emango diogu, gure Aberria guztion artean eraikitzen, indartzen eta zabaltzen jarrai dezagun” gaineratu du.
Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII.Batzarra
Gaurtik hasita, abenduaren 21 arte egingo da Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII.Batzarra Donostian. Lau jardunaldi izango dira, elkarrekin eztabaidatu eta hausnartzeko. Helburua da Euskal Komunitate Globala eraikitzen jarraitzea, tartean dauden eragile guztiak erronkaren parte sentiaraziz.
Biltzar hau lau urtean behin antolatzen da, kanpoko euskal gizataldeekiko harremanei buruzko 8/1994 Legeak ezartzen duen bezala, Euskal Erakundeen eta Euskal Gizataldeen artean harremanak estutzeko, Federazioen eta Euskal Etxeen inguruan.
Biltzarrak 18 herrialdeetako ehun lagun inguru batu ditu. Horrela, Alemaniako, Argentinako, Australiako, Belgikako, Brasileko, Kanadako, Txileko, Kolonbiako, Kubako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Japoniako, Mexikoko, Paraguaiko, Peruko, Uruguaiko eta Venezuelako ordezkariak ari dira batzarrean parte hartzen.
Aurtengo topaketarekin hasiera eman nahi zaio euskal erakunde publikoen eta bere diasporaren arteko hartu-emanen garai berriari izan ere, harreman mota hauek eguneratzeko gogoeta fasean murgilduta dago Euskadi epe ertain-luzera, Euskal Diasporarako politikak ezartzen jarraitu ahal izateko.