15 egunez, eskuzabaltasunez eta modu boluntarioan, pertsona gazteek gizarte proiekzioa duen lan bat garatzen parte har dezatela sustatzen du Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Sailaren Auzolandegiak programak.
Programa honek helburu bikoitza dauka: lehenengo eta behin, boluntariotza esperientzia komun baten bitartez, jatorri eta baldintza sozial desberdinak dauzkaten gazteak elkarrekin bizitzea bilatzen du; eta, bigarrenik, gizarte proiekzioa daukan lan bat aurrera ateratzen laguntzea du helburu, dagokion jarduera antolatzen duen komunitate edo udalerriaren mesedetan.
Iragan den 2023ko abenduaren 29an Auzolandegiak programako oinarri orokorrak argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta proiektuak aurkezteko epea gaurtik, hots, 2024ko urtarrilaren 2tik otsailaren 1era egongo da irekita.
Eskabide eredua eskuragarri dago egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus/servicios/1050707) eta programari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, mezu elektroniko bat bidal daiteke [email protected] helbidera edo 945 01 95 01 – 945 01 95 36 telefonoetara deitu ahal da.
Programa hau irabazi asmorik gabeko entitate publiko eta pribatuei esker eramaten da aurrera; hori horrela izanik, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Sailak gutun bat bidali die Udal, Mankomunitate eta Kuadrilla guztiei gazte-taldeek euren udako jarduerak aurrera eramateko proiektu bat aurkez dezaten: gune berdeen berreskurapena, bide berdeen berriztapena, pertsona nagusien dinamizazioa, arkeologia, muralen sorrera…
2024rako proiektuen aukeraketa otsailaren amaieran egingo da. Ondoren, dagozkion harremanak bideratuko dira, izena eman duten gazteak estatuan eta nazioartean mugitu ahal izatea sustatzeko.
Behin proiektuak hautatuta, deialdia argitaratuko da, interesa duten gazteek eskaintzen diren plazetan izena eman dezaten.