Euskadiko memoria historikoari eta hurbilekoari buruzko 12 atal, PRIMERAN plataforman eskuragai

Gogora Institutuaren eta EITBren arteko aliantzaren esparruan eragindako ‘Memoria Eraikiz’ proiektuak leiho berri bat du PRIMERAN doako plataforman. Giza askatasun, berdintasun eta duintasunaren balioak sustatzera bideratuta dago ‘Memoria Eraikiz’ ikus-entzunezko proiektua. Gogorak eta EITBk oso positibotzat jo dute ETBko kanaletan, eitb.eus webgunean eta EITBPodkast atarian zabaltzeaz gain, ikus-entzunezko eduki guztiak eskuragarri egotea euskal edukiak pertsona guztien zerbitzura doan jartzen dituen streaming plataforman.

Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak  gogoratu du oraina eta etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa dela iragana ezagutzea eta gogoeta kritikoa sustatzea, are gehiago, gure kasuan gertatzen den bezala, sufrimendua eragin duten gertakari traumatikoez ari bagara. Gaineratu du Memoria Eraikiz proiektuko ikus-entzunezko materialek aukera ematen dutela ezagutza zehatzagoa izateko bai Gerra Zibilaz eta Frankismoaz, eta baita gure iragan hurbileko terrorismoez eta indarkeriez ere.

Halaber, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak bi erakundeen arteko zeharkako proiektu honekin egindako lana goraipatu du. Halaber, nabarmendu du euskal memoria historikoaren hainbat gertakari landu eta 12 atalak euskal gizarte osoaren zerbitzura jartzeko egindako lana, Printzipioak, balioak eta pertsona guztiekiko errespetua defendatzeko ikuspegitik.

‘Memoria Eraikiz’ hirugarren denboraldia

Estreinatu berri den, ‘Memoria Eraikiz’en hirugarren denboraldiak hainbat gai jorratzen ditu. Lehen atalak, Bernardo Rodríguez Rincónen istorioa eta egia berreskuratzeko ahaleginak dakartza, Urduñatik Castuerara. Egia hobitik atera beharra izenburupean. Bigarren atalak, Desagertuak inorezen lurpean, 1973an desagertu ziren Humberto, Fernando eta Jorge Coruñako gazteen arrasto galdua ekarriko du gogora. Hirugarrengoan, Ordena Publikoko Auzitegia: Errepresiorako legea, frankismoak sortuta 1963tik 1977ra funtzionatu zuen Ordena Publikoko Auzitegiaren (TOP) helburu eta jokatzeko modua azalduko dituzte. Azkenik, denboraldi honetako laugarren atalak, Memoria duen etorkizuna, Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko belaunaldiei helarazi beharreko kontakizunaren inguruan sortutako programa pedagogikoan jarriko du fokoa.

Dokumental sortaren hirugarren denboraldiaz gain, aurreko bi denboraldietako atalak, guztira zortzi, ikusgai daude PRIMERANen. Honakoak dira eskuragai dauden atalak: Bi gerraren testigantza; Nik jakin nahi dut; Gal. 1983; Isiltasunetik askatasunera; Ahots beldurraraziak; Euskal rock erradikala; Ahanzturatik ateratzen eta Eraildako emakumeak. Oroimen absentea.