Nafarroako Gobernuko Herritarrak Artatzeko Zerbitzuak 190.000 izapide eta kontsulta baino gehiago artatu ditu azken urtean. 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarte, herritarren eskura jarritako bide ezberdinek 193.501 arreta eskaini dituzte; hau da, iazko denboraldian egindakoak baino %4,89 gehiago (iaz, 184.476 kontsulta eta kudeaketa artatu zituen zerbitzuak).
Zerbitzu honen arduradun Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak gaur egun erabilgarri ditu Herritarrak Artatzeko bi bulego Iruñan (Orreagako Etorbidea, 11) eta Tuteran (Foruen Plaza 5 -6); bestalde, geografiaren puntu ezberdinetan banatutako 23 Erregistro bulego eta Nafarroako Foru Ogasunaren 5 bulego. Esparru horietan ematen den arreta presentzialaz gainera, herritarrek beste hiru bide dituzte administrazioarekin harremanetan jartzeko Herritarrak Artatzeko Zerbitzuaren bidez: 012 telefonoa, posta elektronikoa eta www.navarra.es. orrian erabilgarri dagoen txata.
Departamentuak 2024an zehar estaldura hedatzea aurreikusten du. Gobernu Irekiaren I. Planean (2021-2023) xedatzen den neurriak agerian jartzen du Nafarroako Gobernuak herritarrak artatzeko hala nola haiekin harremanetan jartzeko eredu berriarekiko duen konpromisoa zeinek hurbiltasuna, irisgarritasuna, proaktibitatea nahiz entzute aktiboa dituen oinarri.
4tik 3tan, 012aren bidez
Arreten bolumenari jarraiki, bide telefonikoa litzateke herritarrek euren kontsultak nahiz iradokizunak bideratzeko gehien erabili ohi dutena. 012/ 948 012012 telefonoaren bidez 145.000 arreta inguru (% 76,3a) eman ziren azken hamabi hilabetetan zehar; azken urte honetan, dei bakoitzeko arretaren batez besteko denbora-epea ia hiru minutukoa izan da, 156,33 segundotatik 177,71era pasatuz azken hamabi hilabetetan.
Nabarmentzekoa da 012 telefonoa nagusiki udaletarako zerbitzu bat dela. Erantzundako ia 145.000 deietatik, 107.489 Nafarroako toki entitateekin eginiko kudeaketekin izango zuten lotura, eta 21.293 Nafarroako Gobernuko arreta-bulegoetan hitzorduak eskatzeko egin ziren.
Iazko aldi bereari dagokionez, bide honek % 1,7 dei gutxiago erregistratu ditu. Horren arrazoia da, besteak beste, udaletako zenbait telefonogune automatizatzeko teknologia berriekin eginiko inplementazioa, helburua izanik 012 telefonozko arreta-zerbitzuekin emandako arretari dagokion garrantzia ematea.
Nortasun digitalaren akreditazioak Herritarrak Artatzeko Bulegoetan
Horrez gain, nabarmentzekoa da aurrez aurreko arreta, herritarrek administrazioarekin harremanetan jartzeko erabiltzen dutena. 36.000 arreta eman dira azken urtean Tuterako eta Iruñako herritarrak artatzeko bulegoetan; azken hori maiatzetik omen dago zabalik.
Nabarmentzekoa da, bestalde, Tuterako HABan erregistratutako arretari dagokionez, azken 12 hilabetetan herritarren 31.000 kontsulta eta kudeaketa baino gehiago artatu izan direla, alegia iazko aldi berean baino % 14,6 gehiago.
Herritarrek eskatutako kudeaketa motaren harira, iazkoan bezalaxe, nortasun digitalaren akreditazioa nabarmentzen da, Tuterako HABn ildo horretatik eginiko 10.000 kudeaketa ingururekin; segidan datoz informazio-eskariak, on line tramitaziotarako laguntzak eta dokumentuen erregistroa.
Iruñako HABk, bestalde, guztira 4.925 arreta eman ditu joan den maiatzean Herritarrak Artatzeko Bulego gisa zabaldu zenetik eta arreta horien erdiak baino gehiagok nortasun digitalaren akreditazioekin zuten lotura.
Aurrez aurreko arretari buruzko datu hauek 23 Erregistro bulegotan eta Nafarroako Foru Ogasunaren 5 bulegotan emandako arretekin osatuko lirateke.
Posta elektronikoa eta txata
Posta elektronikoa litzateke Nafarroako herritarrek foru administrazioarekin tramiteak nahiz kontsultak egiteko gehien erabilitako hirugarren baliabidea. [email protected] emailean 11.700 arreta eman izan dira, aurreko hamabi hilabetetan baino % 25 gehiago.
Azkenik, Nafarroako herritarrek administrazioarekin harremanetan jartzeko Nafarroako Gobernuaren txata erabiltzen dute, zeinetara Herritarrak Artatzeko webgunea erabiliz jo daitekeen. Azken 12 hilabetetan 1.170 kontsulta kudeatu omen dira, 2021eko abendua eta 2022ko azaroa artean artatu zirenekiko % 29 gehiago.